Euskaltegirik ez duten herrietan euskara ikasteko aukera emango dute aurten ere UEMAk eta hainbat udalek

Gure eskualdeko herri gehienetan ez dago euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek alboko euskara ikastera herri handiagoetara joan behar izaten dute. Hori ikusita, UEMAk, mankomunitateko kide diren hainbat udalekin eta euskaltegiekin elkarlanean, ‘Ikasi euskara herrian bertan’ kanpaina jarri du martxan. Ikasturte honetan ere, euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle-taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta bai eskualdeko euskaltegiekin.

Zenbait udalek ikasturte honetan ere bereziki landu dute gaia, euskalduntzeak duen garrantziaren jakitun. Alegiko Udalak, esaterako, deialdi berezia egin die oraindik euskaraz aritzeko gai ez diren herritarrei. Alegiko Udalak nabarmendu duenez, “taldea sortzeko gutxieneko kopurura iritsiz gero, ikastaroak herrian bertan eskainiko dira, eta urtero bezala, herrian sortzen diren ikastaro guztiak udalak diruz lagunduko ditu”.