Danele Sarriugarte etorriko da irakurle taldearen azaroko saiora

Urtea amaitu aurretik, azken idazle baten bisita jasoko du Galtzaundiren irakurle taldeak azaroko saioan. Aurten, Juan Luis Zabala, Maixa Zugasti eta Eider Rodriguez izan dira saioetan eta orain, Danele Sarriugarte idazle elgoibartarraren txanda izango da. Saioa azaroaren 28an, asteazkena, izango da Tolosako Kultur Etxean eta Azala erre eleberria izango da hizpide. Honenbestez, liburua irakurri dutenek idazlearekin iritziak partekatzeko aukera izango dute 19:00etatik aurrera. Ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du irakurle taldea.

SINOPSIA

Sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean, bi artista, Miren eta Jon, eta artea ulertzeko modu bi, talkan. Artistaren galderak XXI. mendearen aurrean: zenbat da obra eta zenbat artistaren marka? Zer gertatzen da pertsonaia guztiz jabetzen denean pertsonaz? Nola kudeatu arrakasta eta nola porrota? Adiskidetasuna eta inbidia, itxura eta itxurakeria, konpromisoa eta kontraesanak, sobreak eta txekeak: horiek guztiak dira Danele Sarriugarteren bigarren nobelaren ardatzak.

Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.