- Ibarran eta Alegian izango dira kanporaketak eta Villabonan ospatuko da finala.
- 14 eta 15 urteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta tolosaldeko sei kideko bederatzi taldek eman dute izena.
- Irabazleak Igantziko Irrisarriland abentura parkera joango dira, eta, bigarren sailkatuek, berriz, Urumea ibaian kanoa zeharkaldia egiteko aukera izango dute Arrauningekin.
BOTA ERANTZUNA! Tolosaldeko gazteen lehiaketa antolatu du Galtzaundi Euskara Taldeak. Telebista programetan ohikoak diren probekin osatu da lehiaketa; eta kanporaketak jokatu ostean, azaroaren 30ean, Euskararen Egunaren bezperetan izango da finala, Villabonako Gurea antzokian.
Eskualdeko antzokiek telebistako platoen antza hartuko dute. Nagore Arin billabonatarra eta Berriako kazetaria izango da aurkezlea; eta Mihiluze, Zurekin bat, Pasapalabra, Burubero eta antzeko programetan ohikoak diren probak egin beharko dituzte eskualdeko gazteek. Eskualdeaz, euskal kulturaz eta Euskal Herriaz, eta beste hainbat arlori buruz duten jakintza erakutsi beharko dute lehiakideek. Ez dute soilik jakintza erakutsi beharko, bizkortasuna erakutsi beharko dute, elkarrekin lan egiten asmatu beharko dute zenbait probetan, eta urduritasuna kontrolatzea ere garrantzitsua izango da.
14 eta 15 urteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta sei kideko bederatzi taldek eman dute izena: hiru talde tolosarrek osatu dituzte, Alegian bi talde osatu dituzte, Berastegin, Amezketan eta Ibarran bana, eta beste talde bat hainbat herritako kideek osatu dute. Hiru kanporaketa antolatu dira, eta kanporaketa bakoitzean hiru talde izango dira lehian. Lehen kanporaketa azaroaren 22an izango da, 18:00etan, Ibarrako kultur etxean; eta hurrengo biak Alegiako Elizpe zinean izango dira, azaroaren 27an, 19:00etan, eta 28an, 17:00etan.
Zortzi ariketa egin beharko dituzte kanporaketetan, eta puntuak banatuko dira ariketa bakoitzaren amaieran. Halere, kanporaketak ez dira guztiz kanporaketa izango, ez baita inor kaleratua izango finaleko egunera arte. Azaroaren 30ean izango da finala, 17:00etan, eta aurretik kalean egingo duten azken probaren ostean erabakiko da zein sei talde sailkatuko diren finalerako.
Sariak lehen bi sailkatuentzako izango dira. Irabazleak Igantziko Irrisarriland abentura parkera joango dira, eta, bigarren sailkatuek, berriz, Urumea ibaian kanoa zeharkaldia egiteko aukera izango dute Arrauningekin.
Lehen kanporaketaren emaitzak:
- Itxaropen taldeak, 625 puntu.
- Pakeatarrak taldeak, 445 puntu.
- Itxaropena betirako taldeak, 190 puntu.
Bigarren kanporaketaren emaitzak:
- Multinazionalak taldeak, 570 puntu.
- Zigor naiz ni taldeak, 540 puntu.
- Amezketarrak taldeak, 470 puntu.
Hirugarren kanporaketaren emaitzak:
- Txintxarriak taldeak, 490 puntu.
- Beastiarrak taldeak, 485 puntu.
- Gaztelekuko txintxarriak taldeak, 475 puntu.