Bertsoaz eta zirkuaz gozatzeko aukera izango da ‘Gure Bertso Zirkua’ ikuskizunean

Bertsoa eta Zirkua uztartuko dituen saio berezia antolatu dute elkarlanean Harituz Bertsozale Elkarguneak eta Gure Zirkuak. Ahozko inprobisazioa eta zirkuko disziplina desberdinak uztartuko dituzte zuzenean bertsolariek eta Gure Zirkuko artistek. Abenduaren 23an izango da emanaldia, Tolosako San Esteban auzoan kokatutako Gure Zirkuko karpan, arratsaldeko 19:00etan.

Gure Zirkuko artistek eta lau bertsolarik parte hartuko dute saioan: Oihana Bartra, Unai Mendizabal, Andoni Egaña eta Alaia Martin. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte eta Imanol Artola arituko dira. Ikuskizun berezia da Harituzek eta Gure Zirkuak antolatu dutena. Harituz Bertsozale Elkarguneak 10 urte egin ditu aurten eta urteurrena ospatzeko, bertsoak eta zirkua elkartzeaz gain, Gure Zirkuko karpan egingo den emanaldian, ez dira faltako umorea, musika eta beste hainbat sorpresa, publikoaren gozamenerako. Saioaren antolakuntzan lagundu dute Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosako Udalak.

Sarrerak nola eskuratu

Emanaldirako sarrerek 15euroko prezioa dute, eta presentzialki lortzeko, Alegiako Ixkiña tabernara, Tolosako Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzara edo Villabonako Iru-aldeta tabernara gerturatu beharko da. Online lortzeko ordea, hemen eskuratu ditzazkezu.

EROSI SARRERAK

 

Bertsoaz eta zirkuaz gozatzeko aukera izango da ‘Gure Bertso Zirkua’ ikuskizunean 7