Arrate Egaña etorriko da Tertulia Literarioara urrian

Tertulia Literarioaren hurrengo saioa izango da urriaren 24an Tolosan. Oraingo honetan, Arrate Egañak idatzitako ‘Itzalen distira’ eleberria izango da irakurgaia eta Egaña bera ere izango da saioan.

Tertulia literarioa, 19:00etan hasiko da Tolosako Kultur Etxean eta Yurre Ugarte izango da saioaren dinamizatzailea.

Oroitzapen gogaikarri bat atzean uzteko beharra duen preso ohia. Aitaren hileta-elizkizuna fede-krisi betean dagoen apaizaren esku utzi nahi duen andre ateoa. Leihotik ikusten duen neskatxa batenganako obsesioak jotako atsoa. Ehiztariek utzitako hondakinak garbitzeko ardura hartu duen neska parea. Iktus bat izan ostean azkenekoa izan litekeen bidaia aspergarria abiatu duen emakumea. Irakasle ohi batekin topo egitean nerabezaroko maitasun-istorio bat berpizten zaion gaztea. Fikzio-adikzioak pasadizo ero batean murgildu duen emakumea. Ezusteko albiste ilun batek argira daramatzan hiru andre.
Ipuinen protagonistek, harrapatuta dauzkaten egoera tragikomikoetatik abiatuta, aurre egin beharko diete obsesioari, ihes egiten dien denborari, heriotzari edota sakrifizioari. Arrotza zaiguna ulertzeko aukera emango digu Arrate Egañaren bilduma honek.