Beste urte batez, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Ibarrako Udalak Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu dugu elkarlanean. Hemeretzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta ohi moduan, euskarazko komikigintza sustatzeko asmoarekin antolatu dugu lehiaketa hau. Aurtengo gaia GAU BELTZA izango da.
Maite Caballero ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky komikigileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia, eta azaroaren 20ra arte bidal daitezke lanak. Urtero Euskal Herri osotik jasotzen ditugu lanak, eta aukera paregabea izaten da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat.
SARIAK KATEGORIA GUZTIETAN
Kategoriei dagokienez, ohi bezala, lau sailetan banatu ditugu sariak: 9 urte arte –2017an jaiotakoak barne–, 10 eta 12 urte –2016an eta 2014an jaiotakoak barne–, 13 eta 16 urte –2013an eta 2010ean jaiotakoak barne–, eta 17 urtetik gorakoak –2009an jaiotakoak barne–.
Ohiko kategoriez gain, Denonartean argitaletxeak saritutako lan bat aukeratuko du argitaratzeko. Hain zuzen, iazko edizioan saritutako Jabi Isasiren Erresilientzia komikia urriaren 9an eta 10ean argitaratuko da Sarako Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azokan.
Hala ere, sari guztiak ez ditu epaimahiak aukeratuko. Partaide guztien artean eta sarituak izan ez diren komikien artean, Mahala baserriko produktuez osatutako bi saski zozketatuko dira. Zozketaren irabazleak abenduaren 10ean argitaratuko ditugu Galtzaundiren sare sozialetan.
Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak www.galtzaundi.eus webgunean daude. Ezinbestekoa izango da horiek betetzea lanak baloratu ahal izateko. Lanak, besteak beste, euskara hutsean aurkeztu beharko dira, eta erabilitako euskararen bizitasuna kontuan hartuko da.
Ibarra-Galtzakomik lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 11tik urtarrilaren 5era Ibarrako Kultur Etxean, eta sari banaketa abenduaren 11n izango da, 19:00etan, Kultur Etxean.



