HIRU ASTEZ GURASO EUSLEAK IZANGO DITU TOLOSAK

2016. urteko urrian, Gurasoen Hizkuntza Erabileraren Neurketa egin zuen Galtzaundi Euskara Taldeak. Bertan datu esanguratsu ugari atera ziren baina horien artean batek gure arreta deitu zuen: Tolosako ikastetxeetako irteera orduetan gurasoak euren artean hitz egiten ari direnean, erdiek, zehazki %52ak, gaztelerara jotzen dute. Gurasoak haurrekin hizketan ari direnean, ordea, %75ak euskaraz egiten du.

Egoera horren aurrean aktibatzeko beharra zegoela ondorioztatu du Tolosako Euskararen Mahaiak eta fokua gurasoetan jartzea erabaki da Galtzaundi Euskara Taldeak bultzatutako egitasmo baten bidez. Hori horrela, Tolosako hiru ikastetxeek elkarlanean, hiru asteko erronka dute aurretik. Maiatzaren 8tik 26ra, guraso eusleen figura sortuko da ikastetxeetan. Guraso EUSLE deiturikoek, euskaraz egingo dute momentu oro, gainerako gurasoekin hitz egiten dutenetan. Modu honetan, hizkuntza joeraren inguruan gurasoak kontzientziatu eta ingurua aktibatzea da asmoa.

Astero, ikastetxe bakoitzean hainbat gurasok izango dute EUSLE izateko ardura eta ekimena aurrera doan heinean, egitasmora gehiago batzea espero da, baita ere irakasle eta ikastetxeeko gainerako langileak eta begiraleak. EUSLE esaten denean, euskarari eusten dioten pertsonak direla esan nahi da. Horrenbestez, guraso EUSLEek, erronka honi ekiteko sortutako irudia izango duten txapa batzuk izango dituzte soinean jarrita eta horri esker identifikatu ahalko dira EUSLE moduan.

Izan ere, gurasoak haurren ispilu dira eta garrantzitsua da haurrek ere gurasoak euren artean euskaraz hitz egiten ikustea, euskara adin guztientzat erabilgarri den hizkuntza moduan identifikatu dezaten. Kontuan izan behar da ere, 35 urte azpiko Tolosako biztanleen %90ak ulertu dezakeela euskara eta adin tarte horretako %80a baino gehiago dela euskalduna. Esperientzia esperimental honen bitartez erabileran eta aktibazioan jarri nahi da fokua. Hurrengo helburua gurasoen arteko komunikazio hizkuntza nagusi naturala euskara bilakatzea da.

1 thought on “HIRU ASTEZ GURASO EUSLEAK IZANGO DITU TOLOSAK

Comments are closed.