Arimen Ibilbidea egingo da hirugarrenez Tolosan Gau Beltza ospatzeko

XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon da Gau Beltza. Urtearen heriotza, uzta bilketaren amaiera edota hildako senideak oroitzeko hainbat erritual egin izan dituzte Euskal Herrian: kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jarri, bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko…

Jaiak euskaratik eta euskaraz bizitzearen garrantziaz jabetuta, jaia berreskuratzeko lanean ari da Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkartea hainbat herritarrekin batera, eta aurten ere misterioa eta antzerkia batzen dituen ibilbidea antolatu da Tolosako Alde Zaharrean zehar. Arimen ibilbidea Soldadu kalean hasiko da, eta Rondila kalean beherantz abiatuko da Atadi kalera (kultur etxearen atzetik). Handik Zerkausitik barrena Plaza Zaharra zeharkatu eta Euskal Pizkundea plazan amaituko da. Dantzariak, abesbatzako kideak eta herriko aktore taldea iluntasunak gidatuta iritsiko dira bertara, eta dantza, musika eta antzerkia batzen dituen ikuskizuna izango da bertan.

Arimen ibilbidean parte hartzeko ez da izena eman beharko. Beraz, nahikoa izango da egunean bertan 19:45ean hasiko den ibilbidera gerturatu eta taldera batzea.

Gau Beltzako jantziekin gerturatzeko deia

Gerturatzen diren haurrei zein helduei Gau Beltzeko jantziekin mozorrotzera animatu ditu Galtzaundik, trapu, zapi eta oihal zaharrak jantzita eta baserritar jantzien osagaiak erabilita, maindireekin aurpegiak estalita eta zuriz eta beltzez pintatuta, lastozko txapelak eta koadrozko alkandorak jantzita… Kontsumismotik urrundu eta irudimena martxan jartzeko deia egin die Galtzaundik herritarrei.

Gau Beltza auzolan handi bati esker antolatu da, eta bertan parte hartu dute Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteko, Udaberri dantza taldeko, Tolosaldeko Ahots Gazteak abesbatzako eta eskualdeko hainbat antzerkigilek eta euskaltzalek. Guztira 60 boluntariok baino gehiagok hartuko dute parte.

Arimen Ibilbidea egingo da hirugarrenez Tolosan Gau Beltza ospatzeko 3

Arimen Ibilbidea egingo da hirugarrenez Tolosan Gau Beltza ospatzeko 5