Inkesta soziolinguistikoa egin dute Tolosan lehen aldiz

Tolosan euskararen egoera zer-nolakoa den jakiteko helburuarekin, Tolosako Inkesta Soziolinguistikoa egin du lehen aldiz Tolosako Udalak eta urriaren 6an aurkeztu zituen emaitzak Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkartearen egoitzan. Orain arteko datuak osatzera dator inkesta; izan ere, Tolosan urtero egiten da kaleko erabileraren behaketa, eta bost urtean behin jasotzen dira ezagutzari, lehen hizkuntzari eta etxeko erabilerari buruzko datuak, Eustat erakundearenak. Inkesta Soziolinguistikoan haragoko datuak jaso dira, eta bereziki aztertu da herritarren atxikimendua, euskarari buruz duten iritzia. Eta, hain zuzen ere, ikusi da hor dagoela indarguneetako bat, herritar gehienak baitaude euskara indartzearen alde.

Inkesta 2026ko udaberrian egin zen, 800 tolosarri telefono bidez egindako elkarrizketen bidez. Siadeco etxeak egin du landa-lana, eta Tolosako Udala arduratu da datuak ustiatzeaz. 16 urtez gorako herritarrak hartu dira aintzat, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoan bezala.

1. Hizkuntza-gaitasuna

Euskaraz badakite tolosar gehienek, hirutik bik baino gehiagok, eta areago gazteen artean. Zentsuko datuak berretsi dira, beraz. Ordea, inkestaren bidez harago jo nahi izan da, eta, euskara zenbatek dakiten jakitetik harago, aztertu da zein den tolosarren gaitasun erlatiboa, alegia, euskaraz edo gaztelaniaz egiten ote duten erosoago. Argazkia aldatu egiten da hori aztertuta, erdararen indarra ikusten baita: hiztunen % 46ren hizkuntza nagusia erdara da; % 26k antzeko gaitasuna dute euskaraz eta erdaraz; eta % 28 aritzen dira euskaraz hobeto. Aipatzekoa da euskaraz gaitasun sendoagoa dutenen ehunekoa handiagoa dela gazteetan.

2. Erabilera

Euskararen eta erdararen erabilera paretsu dago Tolosan. Inkestak berretsi egin du, beraz, kaleko erabileraren neurketak azken urteetan emandako emaitza. Horrek zera esan nahi du: euskaraz dakiten tolosarren artean euskara dela hizkuntza nagusia. Gaitasunak asko baldintzatzen du erabilera: zenbat eta erosoago aritu euskaraz, erabilera handiagoa —beste aldera ere bai: zenbat eta gehiago egin euskaraz, gaitasun handiagoa—. Nabarmentzekoa da gazteen erabilera: haiek egiten dute euskaraz gehien. Eta ez soilik euskaraz gehiagok dakitelako: gazte euskaldunen erabilera-maila handiagoa da heldu euskaldunena baino.

Esparru formaletan du erabilerarik handiena euskarak Tolosan. Handiena, udaletxean: % 61. Hutsunerik nabarmenena lan-arloan dago: % 39koa da erabilera. Arlo horretan dago, hain zuzen, ezagutzaren eta erabileraren arteko alderik handiena. Eguneroko esparru informaletan, hau da, etxean eta lagunartean, % 50aren bueltan dabil euskararen erabilera.

Erabilerarekin lotuta, hizkuntza-ohiturei buruz galdetu da, eta indargune batzuk agertu dira: hirutik bik euskaraz egin ohi dute lehen hitza, adibidez. Erabilerak behera egiten du tartean erdaldunak sartzean: euskaldun gehienek erdarara jotzen dute taldean erdaldunen bat bada.

3. Atxikimendua

Euskarari buruzko iritzietan indargune sendoa du euskarak. Batetik, identifikazioaz galdetu da: tolosarrek, hizkuntza batzuk edo besteak jakin, zein hizkuntzarekin identifikatzen duten beren burua. Euskara da identifikazio-hizkuntza nagusia, eta areago gazteen artean. Bide beretik, tolosar gehienak ageri dira euskara sustatzeko neurrien alde: % 82. Kontrako iritzia erabat bazterrekoa da (% 2), eta tartean daude % 15, ez alde eta ez aurka. Aldekotasun hori neurtzeko, Eusko Jaurlaritzak erabili ohi duen metodologia erabili da, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoarena. Galdera zehatzagoetan ere nabarmena da aldekotasuna: esate baterako, tolosarren % 91k uste dute ume guztiek ikasi beharko luketela euskaraz, eta % 83ren ustez, administrazio publikoko langileei eskatu behar litzaieke euskaraz jakitea.

Etorkizunari dagokionez, Tolosa euskaldunagoa desio dute herritar gehienek: % 11k nahi dute euskaraz soilik biziko den Tolosa, eta % 54k, euskaraz erdaraz baino gehiago egingo duen herria. Herritarren herenek nahi dute euskaraz eta erdaraz paretsu egingo duen herria (% 35). Erdara nagusi izatearen aldeko iritzia erabat mugatua da tolosarren artean (% 1).

Azterketak alor gehiago ere aztertu ditu, besteak beste transmisioa, hizkuntza-bilakaera, auzoen arabera zenbait datu, etab. Horiek aztertzeko, txosten osoa ere eskuragarri dago.

 DESKARGATU AZTERKETAREN TXOSTEN OSOA