Uxue Alberdi eta Eider Rodriguez izango dira protagonistak Sormenetiken

2020ko lehenengo saioa egingo du irailaren 12an Sormenetikek. Oraingoan, Uxue Alberdi eta Eider Rodriguez idazleak izango dira protagonistak eta feminismoak bertsolaritzan eta literaturan duen tokiaz hitz egingo dute, Haritz Azurmendiren galderei erantzunez. Saioa 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. Solasaldia Loatzo musika eskolako musikariek girotuko dute. Ekitaldia irekia izango da, osasun neurriek baldintzatutako edukiera mugarekin eta bete beharreko higiene eta distantzia neurriak betez.

Alberdik eta Rodriguezek lan bana idatzi dute Susa argitaletxeak saiakera feministez osatutako Lisipe bilduman: Kontrako eztarritik (2019) izenekoa Alberdik eta Idazleen gorputzak (2019) izenekoa Rodriguezek. Erronka politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertzen ditu Lisipe bildumak. Pentsamendu liburu sail bat da, baina itzulpenek eta elkarrizketek ere tokia dute bertan. Akademia, kazetaritza, mugimendu sozial, alderdi eta elkarte ezberdinetako emakumeek idazten dituzte Jule Goikoetxeak zuzendutako bilduma honetako liburuak.

Zer da Sormenetik?

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du, pintxoak dastatu eta bestelako kultur espresioak aldi berean ikustearekin batera.