Urriko irakurgaia: ‘Baleak ikusi ditut’

Galtzaundiren irakurle taldearen urriko saioan Javier de Isusi komikigile bizkaitarraren ‘Baleak ikusi ditut’ nobela grafikoa landuko da. Hitzordua hilabeteko azken asteazkenean izango da, hilak 24, 19:00etan Tolosako Kultur Etxean. Beti bezala Yurre Ugartek dinamizatuko du irakurle taldea eta saioa guztiz irekia bada ere, bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da liburua irakurrita izatea.

Javier de Isusik gertakizun erreal batean oinarria duen nobela grafiko zirraragarria proposatzen du Baleak ikusi ditut liburuarekin. Elkarren kontrako bideak ibiltzea suertatu zaien hiru pertsona dira protagonistak, eta, hala ere, elkarrekin topo egin nahi dute, pertsona moduan topo egin.

SINOPSIA

Proventzako kartzela batean ezagutuko dute elkar Josuk eta Emmanuelek; bata etakide ohia da, bestea berriz, GALeko kide ohia. Handik ia mila kilometrora bizi da Anton, Josuren txikitako laguna; ETAk aita hil zion hogeita bost urte lehenago, eta heriotza horren itzalean bizi da oraindik ere.