Tolosan gertatutako tren istripu batean oinarritutako eleberria abendurako

Urteko azken saioa Tolosan bertan gertatutako istorio batean oinarritutako eleberri bat aztertuz egingo du Galtzaundiren irakurle taldeak. Zehazki, Karlos Linazasoro idazle tolosarraren 6012 liburua landuko da abenduaren 19ko saioan. Ohiko moduan, Tolosako Kultur Etxean bilduko da irakurle taldea, 19:00etan, eta Yurre Ugartek dinamizatuko du saioa.

Liburua oinarrituta dagoen gertakizuna 1978ko martxoaren 28an gertatu zen Tolosan. Apeaderoaren eta geltokiaren artean, trenbidetik atera zen 80 km/h-ko abiaduran zihoan tren bat, eta 52 tona azido zianhidriko zeramatzan. Istripua gertatu orduko piztu zen alarma gorria, eta Iñaki Linazasoro orduko alkateak suhiltzaileengana jo zuen, balizko isuri bat saiheste aldera; azido zianhidrikoa leherkorra, kutsakorra eta toxikoa da, eta hainbat herritar hiltzeko arriskuan izan ziren, material hura lehertu izan balitz.

SINOPSIA:

1978ko martxoaren 28a. Gau erdian, T.-tik pasatzen den 6012 zenbakidun merkantzia trenak, errailetatik irten, eta lehergailu bat utzi du trenbidearen erdian: 55 tona azido zianhidriko daramatzan zisterna bat. Ia probintzia osoa desagerrarazteko indarra duen bonba bat. Lehen azterketen arabera, zisternak lehertzeko arrisku handiak ditu. Ezin liteke bertatik milimetro bat ere mugitu. T.-ko presidentearen agindupean, segituan jartzen dira martxan larrialdietarako gizatalde eta protokolo guztiak. Era berean, T.-ko biztanleriak laster jakiten baitu istripuaren berri, beldurra eta psikosia pizten dira herrian, kaos ezin esan ahalako bat. Agintari zein teknikoek lanean diharduten bitartean, T.-ko biztanle askok eta askok, izuak hartaraturik, beren etxeak uzteko erabakia hartzen dute. Egun osoa pasako dute trenbidean lanean, eta ilunabar arte inork ez du jakingo zisternarekin zer gertatuko den.
Garaiko giro politiko-sozial nahasi eta izugarriak ere berea jartzen du suspentseko nouvelle txundigarri honetan, pertsonaien arteko harremanak zipristinduz, batzuen makurrak eta besteen elkartasun sentimenduak bistaratuz. Urte haietako fresko ederra.