Tolosako saltokietako langile ia-ia guztiek ulertzen dute euskara

  • Hamar langiletik bederatzik ulertzen dute euskara, Tolosako eta Tolosaldeko biztanleen bataz bestekotik gora.
  • Euskara zerbitzuen eta euskarazko materialen erabilerak nabarmen egin du gora azken urtean.
  • Arlokako hiztegiak sortu dira Tolosako saltokietan euskararen erabilera sustatzeko eta dendarien baliabide premiei aurre egiteko.

2017ko udazkenean lanketa garrantzitsua egin zuen Galtzaundi Euskara Taldeak Tolosa&Co Merkataritza-Ostalaritza eta Zerbitzu elkarteko bazkideen artean euskara sustatzeko. Horri jarraiki, urteroko jarraipenarekin helburu desberdinak jarri dira elkarteko saltokietan euskararen egoera indartzeko asmoz. 3. sektoreak Tolosan duen garrantzia ikusita, dinamika Tolosa&Co elkarteko kide ez diren gainerako saltokietara ere zabaldu du Galtzaundik.

Lanketarako Galtzaundiko teknikariek banan bana pasa dituzte herriko saltokiak. 2017 amaieran Tolosa&Co-ko bazkideen diagnostikoa egin zen bi datu nagusi ondorioztatuz: Tolosa&Coren bazkide diren saltokietako langileen %80k badaki euskaraz eta %93k ulertzen du.

Tolosako saltokietara zabaldu da orain diagnostikoa 437 saltoki bisitatuz, eta euskaldunentzat oso egoera aproposa dagoela ikusi da: saltokietako langileen %88ek ulertzen dute euskara, eta hamar saltokitatik bederatzietan badago euskaraz ulertzen duen langileren bat. Tolosako establezimenduen euskara-gaitasuna Tolosako eta Tolosaldeko euskara-ezagutza datuekin alderatzen badugu, batez bestekotik gora dago: hurrenez hurren, tolosarren %82ek eta Tolosaldeko biztanleen %84ek ulertzen baitute euskara.

Tolosako Udaleko euskara zerbitzuarekin, Tolosa&Corekin eta UEMArekin adostuta, 2019ko helburuak zehaztu dira lanketa aurretik. Hiru lan lerro markatu dira:

  1. Arlokako hiztegiak eta esamoldeak saltokien eskura jartzea.
  2. Saltokien bisitetan euskaratu daitezkeen euskarriak proposatu, eskaerak jaso eta entregatzea.
  3. Urtarrileko eta uztaileko merkealdietarako euskarazko materiala saltokien eskura jarri eta banatzea.

Hiru lan lerro horietan egindako lanketak emaitza oso positiboak utzi ditu.

Lehenik, arlokako (altzari dendak, arrandegiak, moda dendak…) hamalau hiztegi laburtu sortu eta saltokien eskura jarri dira. Guztira, saltokien %62ek baliatu dute hiztegi espezializatuen eskaintza.

Bigarrenik, Udalak, UEMAk eta Galtzaundik eskaintzen dituzten hizkuntza zerbitzuen (itzulpenak, diru laguntzak, aholkularitza, euskalduntzea…) erabilera nabarmen igo da azken urteetako dinamikaren ondorioz. 2019an, saltokien %68ak material edo laguntza eskaeraren bat egin du.

Hirugarrenik, merkealdi sasoietara bideratutako euskarazko materialen eskaerak (merkealdia tira, ehunekoak…) gora egin du nabarmen eta banatutako material kopurua oso esanguratsua izan da. 2018ko eskaera kopuruekin alderatuz gero, %50 igo da merkealdietako materialen eskaera 2019an; guztira, merkealdi kanpainetan parte hartzen duten saltokien %74ak material eskaera egin du.

Merkatarien motibazioari dagokionez, oro har, merkatariak oso aktibo sentitu dira egitasmoarekin eta horren adierazle dira euskara zerbitzuen eta materialen erabileraren gorakadak. Saltokiak aldaketarako erakutsi duten nahia eta, ondorioz, ematen ari diren pausoak ere nabarmendu beharrekoak dira.