Tolosako kale erabilera datuen oihartzuna gure mugetatik haratago

Maiatzean eman zen 2019ko Hizkuntzen Kale-erabileraren neurketak Tolosan utzitako emaitzen berri. Datuak jaso direnetik lehen aldiz, euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan gaztelania baino eta notiziak Euskal Herriko hamaika txokotan presentzia nabarmena izan du.

Orain ordea, Kataluniako Revista de Llengua i Dret, Journal of Language and Law aldizkari akademikoak eskaini dio tartea Tolosako kale-erabileraren bilakaerari, Kike Amonarrizek aldizkariaren blogean idatzitako artikuluan.

Revista de Llengua i Dret, Journal of Language and Law 1983an sortu zen. Sei hileko maiztasunarekin argitaratzen da, eta hizkuntza administratibo eta juridikoari, hizkuntza-eskubideari, hizkuntza-politikari eta soziolinguistikari buruzko ikasketa akademikoak argitaratzen ditu. Kataluniako Administrazio Publikoko Eskola (EAPC) da erakunde argitaratzailea.

Tolosako kale-erabilera neurketetan euskarak izandako bilakaerak kataluniar komunitateko zenbait adituren interesa piztu du.