Sormenetik GurEra egitasmoaren lehen edizioa, Antton Telleriarekin

Galtzaundi Euskara Taldeak sustatuta jarri da martxan Sormenetik GurEra izeneko egitasmoa. Orain artean, Tolosako Azokaren testuinguruan antolatzen ziren Sormenetik saioak, Euskal Herriko artistak eta sortzaileak elkarrizketatuz. Orain, egitasmoaren aldaera landu du Galtzaundik, eta eskualdeko nerabeekin batera, nerabeentzat bideratutako saioak antolatuko dira. Lehenengo hitzordua Villabonan izango da, maiatzaren 8an, eta Antton Telleria komunikatzaile, kazetari eta umoregile tolosarra izango da elkarrizketatua, 11:30etatik aurrera, Errebote plazan.

Sormenetik GurEra-ren Villabonako saioa Malkar aisialdi taldearekin elkarlanean antolatu da. Gainera, Malkarreko gaztetxoak eta Nagore Arin kazetari billabonatarra izango dira Telleria elkarrizketatuko dutenak. Elkarrizketa arin eta fresko horretan, galdera biografikoak, gaur egungo jardunari lotuak, galdera deserosoak eta challenge dibertigarri bat  ere egingo dute. Bide honi esker, Malkar aisialdi taldeko kideek hartu dituzte ekitaldia osatzeko ardurak: elkarrizketa antolatu, beharrezko materialak zerrendatu, saioari forma eman eta euskarri komunikatiboak sortzea, besteak beste. Villabonako Udalaren laguntzari esker ere antolatu da ekitaldia.

Zer da Sormenetik GurEra?

Tolosaldeko nerabeentzat erakargarri suertatuko den eta protagonista bihurtuko dituen euskarazko kultur jarduera sorta eskaintzeko sortutako egitasmoa da. Eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatu eta nerabeen arteko harreman sareak sortzea du helburu proiektuak, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan sakontzearekin batera. Bide batez, nerabeengan sormena sustatzeko (antolaketa, ekitaldien kudeaketa…) eta euskarazko kultur eskaintza balioan jarri eta nerabeengana gerturatzeko ere sortu da egitasmoa. Izenak adierazten duen bezala, martxan zen Sormenetik egitasmoa nerabeengana (GurEra) gerturatzeko helburuarekin sortu du proiektua Galtzaundi Euskara Taldeak. Egitasmoa gauzatzeko, eskualdeko herri bakoitzeko eragileekin jarriko da harremanetan Galtzaundi, eta herrietako taldeekin batera proposatuko da ekintza herrietan bideratzea. Horretarako, talde horietako partaide diren nerabeen inplikazioa behar beharrezkoa izango da, beraiek izango baitira hitzorduaren antolaketaz arduratuko direnak. Lehen hitzordua Villabonan egin bada ere, hemendik aurrera Tolosaldeko herri gehiagotan egingo dira Sormentik GurEra-ren saioak.