Laponiako Sami talde batek bisitatu du Galtzaundi

Pablo Dendaluzek, Iker Iriartek, Josu Iztuetak eta Aitor Ossak egindako bidaian oinarritutako Arrastoan dokumentalak hartu-emanerako bidea ere ireki du euskaldunen eta samien artean. Haien eskutik, Euskal Herrira etorri da Laponiako ordezkaritza bat eta ostegunean, Galtzaundiren egoitzan izan dira euskara elkarteko jardunaren berri izateko. Iker Iriarte galtzaundikidearekin eskualdeko euskalgintzaren lana ezagutzen ari da Sami talde bat eta Galltzaundi Euskara Taldearen helburu eta ekimenak bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte bisitan.

Sei euskaldunek eski zeharkaldia egin zuten 1974an Laponian. Espedizio  haren aitzakiari tirata, 45 urte geroago berriz errepikatu dute bidaia Tolosaldeko bidaiari batzuek eta hor sortu da dokumentala. Herri euskaldunaren eta laponiarren arteko lotura, bat-bateko ahozko literaturan ere aurkitu dute, joik inprobisatzaileak baitaude Eskandinaviako iparraldeko samien herrian ere.