- Ibarrako kaleetan euskararen erabilera % 52,3koa da.
- Azken 20 urteetan geroz eta euskara gutxiago entzuten da; lau puntuko jaitsiera izan du 2000. hamarkadatik.
- Gazteak eta haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta beste belaunaldi guztietan jaitsiera erregistratu da, baita haurretan ere.
- Gaztelera ez diren erdaren erabilera goraka doa, % 4,3koa erregistratu da; haurren eta guraso gazteen artean entzuten dira gehien.
Hizkuntzen Erabileraren 2023ko Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalak eta UEMAk. 1993. urtetik, maiztasunez egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Ibarran. 2023koan, 864 elkarrizketaren eta 2.501 hiztunen informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.
Ondorio nagusiak
2023ko neurketan, hain zuzen, neurtutako hizkuntzen kale erabileran erabilera datu hauek jaso dira: euskaraz % 52,3 euskaraz, gaztelaniaz % 43,4 eta gainerako hizkuntzetan % 4,3.
Euskararen kale-erabilera berrindartu egin zen 90eko hamarkadan, baina mende honetan apurka-apurka beheraka doa: 2000. hamarkadako lehen urteetan % 56 zen bataz besteko euskara erabilera, eta azken neurketetako bataz bestekoa % 50 da. Beti egon dira gorabeherak Ibarrako neurketetako euskararen erabileran, baina beherako joera apala erakusten du bilakaerak.
Gazteak (% 72) izan dira kalean euskara gehien entzun zaienak, eta apur bat gutxiago entzun zaie haurrei (% 67). Jarraian, heldu-gazteek darabilte gehien (% 50); hurrena, heldu-nagusiek (% 39) eta gutxien adinekoek (% 37). Alderaketa horretan azpimarratzekoa da 24 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 24 urtez azpikoek % 68ko erabilera erregistratu dute; 25 urte baino gehiago dituztenek, berriz, % 41ekoa.
Erregistratutako lehen urteetan igoera izan zuen haurren erabilerak; aldiz, mende honetan jaisten ari da, hiru puntu inguru. Gazteen erabilerak ere igoera nabarmena izan zuen 90eko hamarkadan, eta azken 20 urteetan mantendu egin da. Helduen artean ere beheranzko joeran doa euskararen erabilera azken bi hamarkadetan, oso jaitsiera nabarmena ez izan arren, bi puntu ingurukoa. Adinekoen artean bai, jaitsiera oso nabarmena da, 10 puntu baino gehiago jaitsi da mende honetan.
Haurren garrantzia
Haurren erabilera jaitsi da: bai haurrak elkarrekin hizketan ari direnean, baita helduekin ari direnean ere. Halere, haurrek garrantzia handia dute Ibarrako euskararen erabileran. Helduen arteko elkarrizketen % 45 dira euskaraz, aldiz, helduak eta haurrak nahasian daudenean 19 puntu egiten du gora erabilerak; eta 9 puntu helduen erabilerak. Beraz, haurren presentziak eta haurren jardunak ingurunea euskalduntzen dute.
Haurrak kalean egon ohi ez diren garaian egindako neurketan entzun da euskara gutxien, ostiral goizean hain zuzen; aldiz, larunbat goizeko eta arratsaldeko neurketetan nabarmen gehiago erabili da euskaraz, 20 puntu gehiago.
Geroz eta hizkuntza gehiago
Ibarran geroz eta jatorri gehiagotako jendea bizi da, eta hori kalean entzuten diren hizkuntzetan ere antzematen da; Ibarran geroz eta hizkuntza gehiago entzuten dira. 2015eko neurketaz geroztik euskara eta gaztelera ez diren hizkuntzak ere erregistratzen dira, eta neurtzen direnez geroztik inoizko presentziarik handiena izan dute: % 4,3koa. Ehuneko hori Tolosaldeko herriak kontuan hartuz jasotako altuena da. Haurrak eta guraso gazteak dira euskara eta gaztelera ez diren beste hizkuntzak gehien erabili dituztenak: heldu-gazteen % 11 neurtu da, eta haurren % 5.
Ibarran garrantzia eman zaio azken urteetan bertako hizkuntza aniztasunari. Horren adibide dira Galtzaundi Euskara Taldeak dinamizatzen Auzoko egitasmoa, eta UEMAren laguntzarekin Uzturpe ikastolan kulturartekotasuna lantzen ari diren proiektua.