Hiru urtez ikerketa esperimentala egin du Sozionlinguistika Klusterrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bost kirol-klubetan. 10 eta 16 urte arteko kirolari gazteen eta haien entrenatzaileen hizkuntza-portaerak eta bizipenak hurbiletik ezagutzeko aukera eman die proiektuak eta lankidetzan garatu da EHUko ikerlariekin, Urtxintxarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak ere proiektua babestu dute eta zuzeneko partaidetza izan dute.
Martxoaren 27an, D ereduko kirola ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkezteko eta bertan parte hartu dutenei eskerrak emateko saioa egin dute Real Sociedad-en Zubietako instalazioetan. Ibon Gaztañazpi aurkezleak gidatuta, denetariko aurkezpen eta hitzaldientzat tartea egon da. Bertan izan da ikerketaren emaitzak eta nondik norakoak jasotzen Imanol Artola Galtzaundiko aktibazio teknikaria.
Proiektuaren ondorioetako bat da kirola berariazko esparru gisa lantzearen beharra. Kirol arloan osatu eta aberastu egin liteke gazteek eskolan euskararen ezagutza eta erabilerarako jasotzen duten oinarria, baina horretarako garrantzitsua da eskolako eredua bere horretan ez errepikatzea, baizik eta egokitzea.
Aurkezpen eta esker-emate saioak proiektuaren emaitzak laburtuta ematen dituen argitalpena plazaratzeko balio izan du. 20 orrialdeko liburuxka batean laburtu dira ikerketa-prozesuaren kontakizuna eta emaitza nagusiak. Liburuxka formatu digitalean eskuragarri dago www.soziolinguistika.eus/deredukokirola webgunean. Deskargatu liburuxka hemen.