Euskaraz bizitzeko zailtasunak gainditu ahal izateko tailerra jarriko da martxan

‘Euskaraz bizi gaitezke’ izeneko euskaldunen ahalduntze tailerra jarriko du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak. Tailer horretan izena ematen duenak euskaraz bizitzeko topatzen dituen zailtasunei aurre nola egin landuko du. Tolosan izango dira saioak eta apirilaren 26an hasiko da tailerra. Hamabostean behin, asteazkenetan, izango dira saioak, eta ekainaren 21an amaituko dira. Tailerra 18:00etatik 19:30etara izango da, eta guztira bost hitzordu izango ditu (apirilak, 26, maiatzak 10 eta 24, eta ekainak 7 eta 21).

Saioek bi zati izango dituzte, bata praktikoa, eta bestea teorikoagoa. Batetik, norberak euskaraz bakarrik bizitzeko dituen zailtasunak kontatuko ditu modu informalean, eta erronda horretan, partaideen arteko interakzioaren bidez, norberak gertatzen zaiona hobeto ulertuko du. Bestetik, ditugun zailtasunen arrazoiak landuko dira: politikoak, psikologikoak, emozionalak, estrukturalak… horiek zergatik gertatzen diren azalduko da, eta egoera horien aurrean nola jokatu daitekeen azalduko da.

Tailerrean parte hartzeko beheko galdetegia bete behar da, eta argibide gehiago nahi dituenak 943 65 50 04 zenbakira dei dezake edo galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera idatzi. Galtzaundiren bulegoan ere informazio eskuratu daiteke, baita izena eman ere.

Euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugun askok hainbat zailtasunekin egiten dugu topo egunerokoan. Zailtasun horietako bat da besteak euskaraz ez ulertzea, edo elkarrizketa bat izateko zailtasunak izatea. Halere, gazteleraz hitz egiten dugun kasu askotan eta askotan euskaraz egin genezake, berez. Kontua da gaizki sentitzen garela hori egiten dugunean, edo besteak zer pentsatuko duen kezka izaten dugula; eta estres linguistikoa izaten dugula. Galtzaundik aurreko bi urteetan ere martxan jarri dituen ahalduntze taldeetan frogatu da posible dela euskaraz gehiago egitea eta, aldi berean, gaizki ez sentitzea. Norbere barruak mugitzen direnean, zergatik mugitzen diren jakiteak laguntzen du horretan, baina, batez ere, besteekin batera prozesu hori egitea da gakoa. Hori landuko da Euskaraz bizi gaitezke tailerreko saioetan.