Euskararen kale-erabileraren nagusitasuna egonkortzen ari da Tolosan

  • Azken 38 urtetan erabilerak 23 puntu egin ditu gora eta 1985tik hona ia bikoiztu egin da.
  • 2023ko neurketaren datua orain arte erregistratutako altuena da, 2022ko neurketarekin batera.
  • 2019tik aurrera, gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara Tolosako kaleetan eta euskararen nagusitasuna egonkortzen ari da.

Hizkuntzen Erabileraren 2023ko Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Udalak eta UEMAk. 1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Tolosan. 2023koan, 6.982 hiztunen informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.

Euskararen kale-erabileraren nagusitasuna egonkortzen ari da Tolosan 7

Ondorio nagusiak

Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 38 urtetan. 1985ean, %29koa zen eta 2023ean, berriz, %52,3koa. Azken emaitza hau, gainera, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da iaz neurketarekin batera eta bosgarren aldiz, eta jarraian gainera, euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren gainetik erregistratu da.

Haurrak (%73) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%59) eta heldu-gazteak (%60) daude, eta horiei jarraiki heldu-nagusiak (%42) eta adinekoak (%36). Bilakaera horretan azpimarratzeko da 45 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 40 urtez azpikoek %65eko erabilera erregistratu dute, 40 urtez gainekoei %39ko erabilera neurtu zaien bitartean.

1985etik, belaunaldien arteko euskararen kale-erabileraren sailkapena erabat aldatu da. Gazteak erabileran azkenak izatetik gehien erabiltzen dutenen artean kokatzera pasatu dira eta horrela, duela 38 urte adinean helduenak euskara gehiago erabiltzetik, orain, belaunaldi gazteenak dira gehien erabiltzen dutenak.

Erregistratutako lehen urteetan, igoera oso handia izan zuen haurren erabilerak, aldiz, azken urteetan igoz jarraitzen badu ere, apaldu egin da joera hori. Gazteen erabilerak igoera nabarmena izan du 2014tik eta helduek hazkunde erritmo konstantean jarraitzen dute. Aipatzekoa da, azken urteetan, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan duela 90eko hamarkadatik lehen aldiz, eta errekuperazio zantzuak ere nabari direla.

Haurren presentziak zeresan handia du euskararen kaleko erabileran. Erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean erregistratzen dira (%75). Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%45). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %71era igotzen duela erabilera.

Euskararen kaleko nagusitasuna egonkortuta

2023ko Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak, azken urteetako neurketekin batera, Tolosako kaleetako euskararen nagusitasuna baieztatzen du. Izan ere, neurketak urtero-urtero egiten dira Tolosan eta 2019tik aurrera, euskara da kalean gehien entzuten den hizkuntza. Urte horretan kokatu zen lehen aldiz euskara gaztelaniaren aurretik kale-neurketan, %49,1eko erabilerarekin, eta 2021ean gainditu zuen %50eko langa, %50,9ko erabilera erregistratuz.

Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakari Manex Urruzolak aipatu duenez, «2019tik aurrerako neurketa guztietan nagusitu da euskara eta bost urtetan, eta jarraian gainera, gertatu da hori. Beraz, argi esan daiteke emaitza anekdotikoak izan beharrean, euskararen erabilera indarberritze joera argian egonkortuta dagoela Tolosako kaleetan». «Susperraldian nabaritzen dugu euskara Tolosako kaleetan eta gure hizkuntzak espazioak irabazten jarraitzen du» gaineratu du Urruzolak.

Tolosa eta eskualdea, eragin eremuak

Udalerri euskaldunak aldatzen ari direla bistakoa da. Horregatik, gisa honetako kale emaitzek bilakaera positiboa erakutsi arren, oraindik ere hainbat arlotan eragiteko beharra ere azaleratzen da, UEMAren ustetan: «Tolosaldean bertan ikus daiteke arnasguneetan izaten ari garen bilakaera bestelakoa dela, eta horren aurrean Tolosa bezalako udalerri euskaldunek, eta are gehiago, Tolosa bezalako eskualde buruek, paper garrantzitsua jokatzen dute» azaldu du UEMAko teknikari Maier Ugartemendiak.

Horretarako herritarren kontzientziazioan eragitea funtsezkoa dela azpimarratu du Ugartemendiak, eta hori elkarlanaren bidez egin behar dela: «Euskalgintzak eta erakundeok batera lan egin behar dugu. Horretarako Tolosaldea giltzarria da. Aurrera begira eskualde bezala dituen aukeren alde lanean jarraituko dugu».

«Lasaikerian erori gabe», lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Garbiñe Marzol Tolosako Udaleko Euskara zinegotziak ere bai. Zentzu horretan, euskararen erabilera indartzeko udalak hartuko dituen bi neurri iragarri ditu.

Alde batetik, azaldu du oraindik euskara ulertzen ez duten ia 3.000 tolosar daudela, eta beste horrenbeste, ulertu bai baina hitz egiteko gai ez direnak. Horiei euskara ikasteko aukera bermatzeko helburuarekin bat eginda, aurki doakotasunerako bidean urrats aitzindariak egingo dituztela iragarri du.

Hizkuntza-politikarako plan estrategiko berria prestatzen hasiko direla ere aurreratu du. «Hurrengo hamarkadan euskararen sustapena gidatuko duen plan estrategikoa da. Plan konpartitua izango da, ez dena udal-jardueretara mugatuko. Horregatik, askotariko eragileen partaidetzarekin landuko dugu plana, denon artean biharko Tolosa euskalduna marrazteko».