DESIOA IRUDIKATUZ: ‘TOLOSALDEAN EUSKARAK 365 EGUN!!’

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eguna da abenduaren 3a eta berezia izango da aurtengoa. Gure hizkuntzaren eguna ospatzeko, Tolosaldea osatzen duten 28 herriek bat egin dute barru-barruko desio bat eskualde mailan lau haizetara zabaltzeko: Tolosaldean euskaraz bizi nahi dugu urteko 365 egunetan.

Apirilaren 28an, herri bakoitzeko ordezkari banaren presentziarekin aurkeztu da igandeko ekimena. Tolosaldean biztanle gehien dituen herriko Tolosako alkate Olatz Peon, Galtzaundiko kide Garikoitz Goiekoetxea eta eskualdean biztanle gutxien dituen Orexako alkate Eneko Maiozek hartu dute hitza egitasmoaren aurkezpenean.

Abenduaren 3an, igandea, herri guztietako plazetan desio hau irudikatzeko ekimena gauzatuko da udalen, euskalgintzako eragileen eta herritarren eskutik. Tolosaldeko herritarrek ‘Tolosaldean euskarak 365 egun!!’ esaldia irudikatuko dute, herri bakoitzak esaldiaren letra bat irudikatuz.

Herri bat hizki bat eta denon artean esaldi baikor bat. Elkarlanerako prestutasuna azaldu eta zabaldu nahi dugu Galtzaundi Euskara Taldetik ekimen honekin. Gure eskualdea euskararen arnasgune izatea nahi dugu eta hori ez da gutako bakoitzak bakarrik eta bere aldetik egin dezakeena. Argi dugu herri guztiek batera egin behar dugula lan honetan ere.

Beraz, igande eguerdian, gure herrietako plazetan elkartuko gara. Adostua dugun adierazpena irakurriko dugu eta ondoren, bakoitzaren herriari dagokion hizkia osatuko dute herritarrek, argazkia atera eta denon artean ‘Tolosaldean euskarak 365 egun!!’ esaldia osatuz.

28 herriak eta herrietako eragileak elkartu dira ekimen hau aurrera emateko. Herri bakoitzeko norbanako, talde antolatu eta udalek indar berezia eman nahi diogu ekimen honi. Ez dugu nahi egun bateko jaia izatea aurtengo Euskararen Eguna. Gure herri ia guztietan seguru aski bai, posible da egunero, urteak dituen 365 egunetan eta ia ordu guztietan euskaraz bizitzea. Ahal duenak horretara jartzea, eta zailtasunak dituztenen kontzientzia astintzea ere badagokigu guri.

Hala, 2018ko Euskaraldiaren atarikoa ere izango da aurtengo Euskararen Eguna. Pasa den astean aurkeztu zen Euskal Herri osora zabalduko den 11egun euskaraz egitasmoaren atarikoa. Herriz herri, euskaldun Aho-biziak eta Belarri-prestak konprometitu, sare zabalak prestatu eta bultzatzea ekarriko duena.

Beraz, herritarrak gonbidatzen ditugu beren herriko jaian parte hartzera, abenduaren 3an. Horrekin batera, ekimen xume hau antolatzeko lanean herriz herri ari diren guztien lana eskertu nahi dugu eta Tolosaldeko Atariaren laguntza.

DESIOA IRUDIKATUZ: ‘TOLOSALDEAN EUSKARAK 365 EGUN!!’ 15 DESIOA IRUDIKATUZ: ‘TOLOSALDEAN EUSKARAK 365 EGUN!!’ 17 DESIOA IRUDIKATUZ: ‘TOLOSALDEAN EUSKARAK 365 EGUN!!’ 19