Dendaz denda, euskara ikasi eta erabiltzera gonbidatuz

Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak 3. sektoreko langileei zuzendutako ikastaroa eskainiko du aurten ere. Aipatu ikastaroaren helburua, pixkana-pixkana, euskaraz ez dakiten 3. sektoreko langileei euren egunerokotasunean beharrezko izango dituzten hitzak, esaldiak… erakustea da. Iaz, 6 langilek eman zuten aipatu ikastaroan izena eta oso balorazio positiboa egin zuten.

Horregatik, aurten ere euskaraz ez dakiten Tolosako 3. sektoreko langile gehiagok euskara ikasi eta erabiltzea saiatzeko, Galtzaundi euskara elkarteko kideak euskaraz ez dakiten 3. sektoreko langileengana joaten ari dira aipatu ikastaroaren berri eman eta iazko ikastaroan parte hartu zuten dendarien testigantzak biltzen dituen bideoa eskura emateko. Asteazkenean, 14:15ean, Aitzol Udal Euskaltegian aipatu ikastaroaren informazio gehiago emango diote bertaratzen direnei.