Azken urteetako Herri Urrats jendetsuena

Hala izan da maiatzaren 10ean Senpereko lakuaren bueltan egin den festa: 60.000 lagun inguruk, giro ezin hobean, euren ekarpena egin dute Ziburuko Kaskarotenea ikastola eraikitzeko. Tolosaldetik ere hamarnaka lagun joan dira, kotxez, furgonetan eta autobusez. Izan ere, Galtzaundi euskara elkarteak antolatuta bi autobus irten dira Tolosatik, Anoeta, Irura eta Villabonan ere geldialdiak eginez.

Geroz eta herritar gehiago dira Ipar Euskal Herrian euren seme-alabak euskaraz hezi nahi dituztenak eta, horren erakusle, Ziburuko ikastola berria eraikitzeaz gain, beste hiru ikastola egin asmo dituzte datorren urtean Lapurdin eta Behe Nafarroan, hurrenez hurren, Basusarrin, Biriatun eta Azkaraten.

Herri Urratsera joaterik izan ez dutenek hemen egin dezakete euren diru-ekarpena.