Ameriketako hizkuntza gutxituetakoek eta euskaldunok elkarrengandik zer dugu ikasteko?

“Beltzean mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz” dokumentala aurkeztu du Garabidek Tolosako kultur etxean maiatzaren 20an. Garabideko zuzendaritzako kide Kike Amonarriz eta teknikari Maddi Iñarra aritu dira hizlari lanetan.

Zer ari da gertatzen Ameriketako hizkuntza handiekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako kideek? Lagun ahal dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskurapen prozesuan?

Lehen aldiz 7 hizkuntza komunitateko 14 pertsonek euskararen herriari buruzko beraien gogoetak oparitu dizkigute. Kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek hizkuntza komunitateetako ordezkariek beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararengandik ikas dezaketenaz hitz egiten digute eta, bide batez, guk haiengandik ere ikasteko aukera eskaini.

Zer da Garabide?
Garabide Elkartea euskararen berreskurapen esperientzia Hegoaldeko jatorrizko herriekin konpartitzeko sorturiko elkartea da. Eta konpartitzea, bi norantzatan ulertzen du, denok dugulako zer emana eta zer jasoa elkartruke horretan.

Hizkuntzen biziberritzearen alde egiten du lan, baina ez soilik munduko hizkuntza aniztasuna defendatzeko, berreskurapen hori garapenerako tresna gisa ulertuz baizik. Hizkuntzaren eta kulturaren berreskurapenak eta honek hiztun komunitatearen autoestimuan eta kohesioan duen eraginak, komunitatea indartu egiten duela sinesten du, mundu globalizatu honetan bere erara bizi(raun) ahal izateko.