Altzora irteera egin dute mintzalagunek

Altzora irteera egin dute mintzalagunek 5

Hitz egiteko jarioa, entzumena eta ulermena lantzeko helburuarekin, Tolosako Mintzalaguna egitasmoan dabiltzan partaideek irteera egin dute maiatzaren 28an. 16etan, Galtzaundi euskara elkartean egin dute hitzordua. 17 lagun bertaratu dira eta, lau autotan banatuta, Altzora joan dira.

Ipintza baserria ezagutu dute lehenik. “Altzoko erraldoia”-ren bizilekua izan zen eta bere nondik norakoen berri eman zaie Mintzalaguna egitasmoan euskara praktikatzen ari diren herritarrei. Handik, mendiko bide bat hartu eta Txindoki ikusten den puntu bateraino joan dira; gida lanetan aritu den Kike Zinkunegik mendi honi buruzko hainbat datu interesgarri ezagutarazi dizkie.

Sabekoetxerainoko bidea egin dute ondoren. BehiEKO esnea eta esnekiak egiten dituzten ekoizleekin elkartu eta, bertatik bertara, nola lan egiten duten… ikusi ahal izan dute. BehiEKO-ko arduradunak ekoizpen prozesu osoaren nondik norakoa azaldu die. Halaber, gazta, esnea… probatzeko aukera izan dute.

19ak aldera, giro ezin hobean, etxerako buelta egin dute.