Adania Shibli idazle palestinarraren ‘Detaile xume bat’, ikasturteko lehen saioan

Datorren ikasturteko lehen Tertulia Literarioa irailaren 24an egingo da, Tolosan. Adania Shibli idazle palestinarraren ‘Detaile xume bat’ eleberria izango da irakurgaia. Liburuaren itzulpena Aitor Blanco Leoz idazleak egin du.

Tertulia Literarioa 19:00etan hasiko da Galtzaundiren egoitzan (Plaza Berria 1) eta Yurre Ugarte izango da saioaren dinamizatzailea.

“1948ko arabiar-israeldar gerran zehar zazpiehun mila palestinar baino gehiago izan ziren beren etxetik egotziak. Hondamendi horri deitzen zaio Nakba edo palestinar exodoa. Handik urtebete pasatxora, 1949ko udan, Israelgo estatu sortu berriak destakamentu militar bat bidali zuen Negev basamortura Egiptorekiko hegoaldeko muga zaintzeko, baita ingurua arakatzeko ere, han gelditzen ziren arabiarren bila. Espedizio horietako batean, soldaduek beduino talde bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza hura krimen baten abiapuntua izan zen. Zenbait hamarkada geroago, XXI. mendearen hasieran, emakume palestinar batek gertakari horri buruzko artikulu batekin egin du topo, eta, harekin lotutako detaile xume batekin obsesionaturik, bidaia arriskutsu bati helduko dio lurralde okupatuetan zehar, egiaren bila”.