Izaro Andres izango da protagonista Sormenetiken

Urriaren 6an egingo da Sormenetik ekimenaren urteko bigarren saioa Tolosan. Apirilean, Joxe Mari Agirretxe eta Aiora Zulaika pailazoak izan ziren Zerkausiaren azpialdeko oholtza gainean eta oraingoan, Izaro Andres abeslari mallabitarra izango da protagonista. Orain arteko bere oholtza gaineko ibilbideaz hitz egingo du Andresek saioan, baina horren atzean dagoen sormen prozesuari eta horra iritsi arteko bideari ere erreparatuko dio Sormenetiken, elkarrizketa eta musika nahastuz. Horretarako, Izaro Andresek ondo ezagutzen dituen Tolosaldeko hiru lagun izango ditu aldamenean: Miriam Arandia kazetaria eta Xabier Zeberio eta Garazi Esnaola musikariak, hain zuzen. Saioa, ohiko moduan, Zerkausiko azpialdean, TAK arraun klubak duen gunean, izango da 12:30etik aurrera.

Izaro Andres Zelaieta 1993ko gabonzahar egunean jaio zen Mallabian. Komunikazio Gradua ikasi zuen Donostian eta ordutik bertan bizi da.  2014an hasi zuen bere ibilbide musikala Paradise kantuarekin. Oriol Flores bateria-jolea ezagutu zuenean talde bat eratzea erabaki zuten. Horretarako elkartu ziren Andres eta Flores, Iker Lauroba, Ane Bastida eta Julen Barandiaran taldekideekin. 2016an Om diskoa plazaratu zuen, crowdfunding kanpaina bat egin ostean. Abesti gehienak euskaraz dira, baina gaztelaniaz eta ingelesez ere kantatzen du.

2017an hainbat kolaborazio ere egin zituen, hala Korrikaren 20. edizioko Zirkorrika abestian, nola Gatibu taldearen Aske maitte bideoklipean ere. 2018an otsailean bigarren diskoa atera du, Eason izenekoa. Hamar kantuk osatzen dute lana. Gaur egun, Izaro Andresekin batera lanean diharduten musikariak Oriol Flores, Iker Lauroba eta Julen Barandiaran eta Garazi Esnaola dira.