Euskal Konfederazioak manifestazioa deitu du azaroaren 21erako, Baionan, ‘Euskararen garaia da’ lelopean. Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak mobilizazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei, eta horregatik, autobusa antolatu du bertaratzeko. 14:30ean abiatuko da Tolosako Santa Klarako geltokitik, eta 18:30ean itzuliko da Baionatik. Prezioa 10 eurokoa izango da eta autobusean bertan ordaindu beharko da. Hiru modu daude izena emateko: formulario hau beteta, 943 655 004 telefonora deituta edo Galtzaundiren egoitzara bertaratuta (Plaza Berria, 1, Tolosa).
Mobilizazioa 16:00etan abiatuko da Lauga kiroldegitik, baina egun osoko egitaraua antolatu dute: 11:00etatik aurrera animazioak eta hitzorduak izango dira, eta 18:00etan, berriz, gaualdia izango da giro goxo, herrikoi eta familiarrean.
Lau aldarri nagusi ditu deialdiak: euskararen koofizialtasuna Ipar Euskal Herrian, Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea, ez dadin frantsesa izan Frantziako Estatuan onartutako hizkuntza bakarra, Ipar Euskal Herriko instituzioek euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzea, eta azkenik, hizkuntza gutxituen aldeko lege babes ausarta onartzea, euskaldunen eskubideak aitor daitezen. Horrez gain, azkenaldian hainbat prefetak euskararen kontra izan dituzten jarrerak ere salatuko dituzte.

