Natalia Ginzburgen ‘Bertute txikiak’ saiakera literarioa landuko da azaroko Tertulia Literarioan

Natalia Ginzburgen ‘Bertute txikiak’ –Irene Hurtado de Saratxok itzulia–  izango da azaroko Tertulia Literarioko ikurgaia. Azaroaren 18an izango da saioa, 19:00etan, Galtzaundiren egoitzan. Saiakera literarioaren eta autobiografiaren arteko hamaika kontakizun labur biltzen ditu liburuak, 1944ko udazkenetik 1962ko udara bitartean lehen pertsonan idatzita daudenak.

Liburu honetan, eskura du irakurleak naziek kartzelan senarra erail ondoren Nataliak idatzi zuen lehen testua, «Negua Abruzzon». Senarraren erailketa presente dago, baita ere, «Zapata urratuak» eta «Gizakiaren umea» kontakizunetan, gerra ondoko hondamendi sozial eta pertsonalarekin batera. Cesare Pavese adiskide eta Einaudiko lankidearen suizidioaren aztarnatik dator «Lagun baten erretratua», eta «Bera eta ni» kontakizunean, Gabriele Baldini bere bigarren senarrarekiko amodioaren sorreraz dihardu. 1959tik 1962ra arte Ingalaterran Baldinirekin izandako egonaldiaren fruitu dira Ingalaterrari eskainitako bi kapituluak: «Ingalaterraren gorazarrea eta arrangura» eta «La Maison Volpé». Bigarren zatiko lau testuetan –«Bertute txikiak» izenekoa da horietako bat–, gizarte eta komunitateari erasaten dieten gai edo auzi betierekoei heltzen die Ginzburgek: gerrak suntsitutako belaunaldiarekiko kezka, arimaren gaitzak, isiltasuna, egoismoa, erantzukizuna, errua, eta, jakina, familia, bere lanbidea, klase soziala, dirua, hizkuntzaren eta hezkuntzaren garrantzia, seme-alaben hazkuntza eta zaintza, amatasuna eta idazketa bateratzeko oztopoa, emakume izateak baldintzatutako bizitza, «bertute handien» gorazarrea eta, finean, errukia zer den ikasteko arorik aro kateatzen den giza bizitzan ibili beharreko bidea.