‘Euskararen etorkizuna jokoan!!’ giza mosaiko erraldoia osatuko dute Tolosaldeko herriek

2017az geroztik, urtero-urtero, Euskararen Nazioarteko Egunerako ekintza proposamen bateratua egiten du Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eskualdeko 28 herrietarako. Lehen proposamen hura, 2017koa, giza mosaiko bat egitea izan zen. Aurten, egiteko modu berdina oinarri hartuta, eskualdeko 28 herriek batera esaldi bat osatzea izango da asmoa. Herri bakoitzak letra bat irudikatuko du, herritarrak plazan elkartuz. Denok batera osatuko dugun esaldia honako izango da: Euskararen etorkizuna jokoan!!

28 herriek, den-denek, hartuko dute parte Tolosaldean eta herri bakoitzak tokatu zaion hizkia gorpuztuko du. Batzuk asteburuan egingo dute, beste batzuk berriz, abenduaren 3an bertan. Erronka ez da txikia: herri guztiak batuta 2.000 euskaltzale batzeko helburua jarri da mosaikoa osatzeko.

Herritarrek ‘Euskararen etorkizuna jokoan!!’ esaldia osatuko dute plazetan elkartuz. Lelo hori hautatu da gure hizkuntzak, azken hamarkadetan egindako ahalegin kolektiboari esker, aurrerapen handiak egin baditu ere, seinale askok euskararen susperraldi garaia eten dela eta atzeraldia etor daitekeela diotelako. Tolosaldeko herrietan ere begi bistakoak dira seinale horiek.

Azken hamarkadetan eskualdeko herri erdaldunenak izan direnetan euskararen kale-erabilera gorantz doa Tolosaldean. Baina aldi berean, euskaldunenak diren herrietako kaleetan gaztelera gehiago entzuten da orain. Etxeetan ere lehen baino gehiago erabiltzen da gaztelera. Herrien artean orekatze moduko bat gertatzen ari da, eta hori irauli beharko genuke eskualdean: goranzko bidean direnak horrela jarrai dezaten, eta beheranzko joera horiek gera daitezen. Baina perspektiba pixka bat ere behar dugu. Euskal Herriko eskualde euskaldunenetarikoa da Tolosaldea. Euskara bizi-bizi dago gure eskualdeko kaleetan eta etxeetan. Horregatik, gune euskaldunek ardura dugu euskarak ezinbestekoa duen jauzi berri hori irudikatzeko eta bide erakusle izateko. Euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko indarra eta gogoa ditugula irudikatu nahi da giza mosaikoarekin.

'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatuko dute Tolosaldeko herriek 3

HERRIETAKO HITZORDUAK:

  • ABALTZISKETA
    • Azaroak 28, ostirala. 17:45. Abaltzisketako enparantzan.
  • ADUNA
    • Azaroak 30, igandea. 11:30. Plazan.
  • ALBIZTUR
    • Azaroak 28, ostirala. Arratsaldez, plazan.
  • ALEGIA
    • Azaroak 28, ostirala. 19:30. Plazan.
  • ALKIZA
    • Azaroak 21, ostirala. 16:30. Frontoian.
  • ALTZO
    • Abenduak 3, asteazkena. 17:00. Plazan.
  • AMASA-VILLABONA
    • Azaroak 29, larunbata. 12:30. Errebote plazan.
  • AMEZKETA
    • Azaroak 30, igandea. 12:00. Plazan.
  • ANOETA
    • Abenduak 3. Arratsaldean, ikastolan.
  • ASTEASU
    • Azaroak 29, larunbata. 13:00. Plazan.
  • BALIARRAIN
    • Azaroak 22, larunbata. Arratsaldean, plazan.
  • BELAUNTZA
    • Azaroak 29, larunbata. Goizez edo arratsaldez, definitzeko.
  • BERASTEGI
    • Abenduak 3, asteazkena. 16:30. Plazan.
  • BERROBI
    • Azaroak 28, ostirala. 16:30. Plazan.
  • BIDANIA-GOIATZ
    • Azaroak 30, igandea. 17:00. Balio anitzeko zentroaren aurreko plazan.
  • ELDUAIN
    • Azaroak 30, igandea. 12:00. Plazan.
  • GAZTELU
    • Abenduak 3, asteazkena. 18:30. Plazan.
  • HERNIALDE
    • Azaroak 29, larunbata. 16:30. Plazan.
  • IBARRA
    • Abenduak 3, asteazkena. 17:00. Plazan.
  • IKAZTEGIETA
    • Azaroak 30, igandea. 17:00. Udaletxeko atarian.
  • IRURA
    • Abenduak 3, asteazkena. 16:30. Plazan (euria egiten badu frontoian).
  • LARRAUL
    • Azaroak 28, ostirala. 16:15. Herriko plazan.
  • LEABURU-TXARAMA
    • Azaroak 29, larunbata. 16:00. Plazan.
  • LIZARTZA
    • Abenduak 3, asteazkena. 17:30. Plazan.
  • ORENDAIN
    • Azaroak 30, igandea. 13:30. Plazan.
  • OREXA
    • Azaroak 30, igandea. 12:00. Plazan.
  • TOLOSA
    • Abenduak 3, asteazkena. 18:00. Plaza Zaharrean.
  • ZIZURKIL
    • Abenduak 3, asteazkena. 18:30. Joxe Arregi plazan.

'Euskararen etorkizuna jokoan!!' giza mosaiko erraldoia osatuko dute Tolosaldeko herriek 5