Igandean izango du bosgarren edizioa Sormenetik GurEra egitasmoak Ikaztegietan. Tolosako azokaren testuinguruan antolatzen dira Sormenetik saioak, Euskal Herriko artistak eta sortzaileak elkarrizketatuz. Orain, galtzaunditik egitasmoaren aldaera landu dugu eta eskualdeko nerabeekin batera, nerabeentzat bideratutako saioak antolatzen hasi gara. Aurtengo hitzordua Ikaztegietan izango da azaroaren 30ean, eta 17:00etatik aurrera, Aitor Bedia ‘Añube’ taldeko abeslaria elkarrizketatuko dute gazteek udaletxe azpiko aretoan.
Saioa hau, Ikaztegietako Kalexka gaztelekuarekin elkarlanean sortu da eta beraiek izango dira Bedia elkarrizketatuko dutenak. Elkarrizketa arin eta fesko horretan, galdera biografikoak, gaur egungo jardunari lotuak eta challenge dibertigarri bat ere egingo dute. Bide honi esker, Gaztezuloko gazteek hartu dituzte ekitaldia antolatzearen eta euskarri komunikatiboak sortzearen lanak besteak beste. Ikaztegietako Udalaren laguntzari esker ere antolatu da ekitaldia.
Zer da Sormenetik GurEra?
Tolosaldeko nerabeentzat erakargarri suertatuko den eta protagonista bihurtuko dituen euskarazko kultur jarduera sorta eskaintzeko sortutako egitasmoa da. Eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatu eta nerabeen arteko harreman sareak sortzea du helburu proiektuak, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan sakontzearekin batera. Bide batez, nerabeengan sormena sustatzeko (antolaketa, ekitaldien kudeaketa…) eta euskarazko kultur eskaintza balioan jarri eta nerabeengana gerturatzeko ere sortu da egitasmoa. Izenak adierazten duen bezala, martxan zen Sormenetik egitasmoa nerabeengana (GurEra) gerturatzeko helburuarekin sortu du proiektua Galtzaundi Euskara Taldeak. Egitasmoa gauzatzeko, eskualdeko herri bakoitzeko eragileekin jarriko da harremanetan Galtzaundi, eta herrietako taldeekin batera proposatuko da ekintza herrietan bideratzea. Horretarako, talde horietako partaide diren nerabeen inplikazioa behar beharrezkoa izango da, beraiek izango baitira hitzorduaren antolaketaz arduratuko direnak.
