Xabiertxo omendu dute Tolosan argitalpenaren mendeurrenean

100 urte bete ditu aurten Xabiertxo liburuak, eta lehen argitalpenaren mendeurrena ospatzeko, Xabiertxok 100 urte. Mundua euskaratik landuz lelodun jardunaldia, ekitaldia eta bisita gidatua egin genuen urriaren 3an, Jakin fundazioarekin eta Tolosako Udalarekin elkarlanean.

Jardunaldian, ikasliburuak egindako ekarpenari eta Ixaka Lopez-Mendizabal egileari aitortza egiteko unea izan zen. Izan ere, umeak euskaraz hezteko argitaratu zen lehen testuliburua izan zen Xabiertxo. Hala, Haritz Azurmendi Arrue Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egile eta jakinkideak, Cira Crespo Cabillo historialariak eta Koldo Ordozgoiti Juanenea kazetari eta ikertzaileak hainbat ardatzetatik heldu zioten Xabiertxo argitaratu zen garaiko testuinguru historikoari. Bitartean, hitzaldian landutako gaiak oinarri hartuta, aldibereko hiru marrazki egiten aritu zen Kepa Etxeberria Lopez-Mendizabal.

Ondoren, Galder Gonzalez Larrañaga Ikusgela proiektuko kideak, Iratxe Retolaza Gutierrez ikertzaile eta Euskal Curriculumean adituak eta Josune Zabala Alberdi Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko zuzendariak, atzera ez ezik, orainaldiari eta etorkizunari ere erreparatu zioten, Ane Zuazubiskar Iñarrak gidatuta.

Arratsaldean ordea, egindako ekarpena aitortu eta txalotzeko ekitaldia ere egin zen Tolosako Zerkausian, familiako inprentaren parean eta larunbatean, XX. mendeko Euskal Pizkundeari buruzko bisita gidatua antolatu zen. Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren egile Haritz Azurmendiren eskutik.

Ikusi jardunaldiko hitzaldiak:

Haritz Azurmendi Arrue

Cira Crespo Cabillo

Koldo Ordozgoiti Juanenea