Uxue Alberdi egongo da ikasturteko azken Tertulia Literarioan

Udan sartu berritan, amaiera ezinhobea emango dio Galtzaundik ikasturteari: azken Tertulia Literariora Uxue Alberdi etorriko da. Alberdi idazle elgoibartarra etorriko da Galtzaundiren egoitza berrira (Plaza Berria 1) ‘Hetero’ liburuaz hitz egitera.

Saioa ekainaren 18an izango da, 19:00etanYurre Ugarte izango da saioaren dinamizatzailea.

“Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.

Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.

Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan”.

Hementxe Berria egunkarian egin zioten elkarrizketa joan den urteko azaroan: «Atzerriko idazle bat banintz bezala idatzen saiatzen naiz».