Miren Agur Meabe izango da ekaineko gonbidatua irakurle taldean

Ekaineko irakurle taldearen saioa online egingo da ekainaren 10ean, asteazkena, 17:30etan. Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra izango da internet bidezko hitzorduaren protagonista, berak idatzitako ‘Hezurren erretura’ nobela irakurleekin lantzeko. Ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du saioa.

Saiorako sarbidea izateko izen-ematea

Saiorako esteka eskuratzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, beheko formularioa bete behar da eta ondoren, emailez bidaliko da ostiraleko saiora sarbidea izateko helbidea. 20 pertsonako muga jarri da saio digitalerako eta Tolosaldean bizi diren herritarrek lehentasuna izango dute.

Nobela e-liburutegian ere eskuragai

Konfinamentu egoeran Irakurle Taldeak landuko duen irakurgaia eliburutegiaren bidez eskuratzeko aukera ere badago. Zerbitzu digital horretara sartu ahal izateko hauxe da behar dena:

  • Erabiltzaile zenbakia: liburutegiko txartelaren zenbakia, NA zenbakia da.
  • Pasahitza: Tolosako liburutegiko txartela dutenen kasuan norbere izena dena minuskulaz.
  • E-maila aktibatuta izatea

Pasahitza ez baduzue gogoan edo datuetan emaila falta bada, ez da sarbiderik izango. Horri irtenbidea emateko, jarri Tolosako liburutegiarekin harremanetan: 943 697 462 edo liburutegia@tolosa.eus.  Erabiltzailea eta pasahitza lortzeko liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbidera ere idatzi daiteke.

Liburura esteka zuzena e-liburutegian

Liburuari buruzko zenbait erreferentzia hemen.

Herenegun umea zena, neska izan zen atzo, eta helduaro betean da orain. Oroitzapenetan —eskola-egunetan, familia giroan, jolasetan…— bilatu ditu bere nortasunaren lorratzak. Onartzen ditu denboraren joanak emandako gal-irabaziak. Badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Babak eltzetik ateratzen ikasi du. Bere egin du falta direnen ausentzia. Ez du sinesten amodioaren balio absolutuan, nahiz eta azken aukera eman maite-kontuei. Ezagun zaizkio beste andre batzuen irrikak eta beldurrak. Ez du galdu ironiaren ufada. Eta bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko azken bultzada.

Aldian-aldian erretura egin beharra gertatzen zaigu, haizea zainduta, onuragarria behar lukeena kalterako izan ez dadin. Horretan dihardu hogeita bat narrazio hauetako protagonistak ere, idazketaren bidez erretzen bizitzan pilatutako hezurrak: zor-hartzekoak, azertuak, akatsak, pauso legitimo nahiz ilegitimoak.

Idaztea erretzea delako. Errekuntza errituala, jakina: ezein idazkuntzak ezin du bizitza erre.