- “Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean hasi da gaur Mintzapraktikako izen-emate kanpaina Tolosaldean.
- Mintzalagun taldeetan euskara praktikatzen da, pertsonen arteko harreman berriak sortu eta indart
- Azken urteetan, 100 bat pertsonek hartu dute parte eskualdean.
Ikasturte hasierarekin batera, Mintzalagun egitasmoaren izen-emate kanpaina aurkeztu da gaur Anoetan. Bertan izan dira egitasmoa bultzatzen duten udaletako ordezkariak zein hitza hartu duten, Idoia Olano, Anoetako eta Irurako Euskara Teknikaria eta Igor Agirre, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteko kidea. Asko dira euskarazko oinarri bat izan bai, baina praktikan jartzeko aukerarik ez dutenak. Beraz, partaideek, Mintzalagun taldeetan aurkitzen dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera.
EMAN IZENA
Egin nahi duzun hori, egizu euskaraz
Tolosaldeko Mintzalaguna egitasmoak ikasturte berriari ekin dio. Egin nahi den hori, euskaraz egiteko gonbidapena luzatuz. Mintzalagunak lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean euskara praktikatzeko eta ondo pasatzeko aukera eskaintzen du, eta aurten ere martxan jarri da.
Irailean ikasturtea hastearekin batera, Mintzalagun talde berriak sortuko dira. Amasa-Villabonan, Tolosan, Ibarran, Zizurkilen, Iruran eta hemen bertan Anoetan. Badira taldeak dagoeneko, eta asmoa, Bidelagunak eta Bidelariak eskualdeko herri gehiagotan ere elkartzea da. Mintzalagunean, Bidelariak eta Bidelagunak astero elkartzen dira, eta astero izaten dute elkarri zer kontatua, giro atseginean. Astean ordu betez, hizketaldi lasaian, Bidelariek euskara praktikatzea dute helburu, lotsa gaindituz, akatsak egiteari beldurra kenduz, hizkuntza ohiturak aldatuz eta erabileran urratsak emanez. Bidelagunei, berriz, euskara partikatu nahi duen bati laguntzearen pozak betetzen dio barrua, euskararen alde zerbaitetan ari dela, eta, gainera, ondo pasatzen ari dela ikusteak.
Asteroko zitaz gain, ikasturtean zehar ekintza osagarriak ere antolatzen dira, betiko taldeaz gain, Mintzalagunean parte hartzen ari diren gainerakoekin batera: urtero eskualdeko bertako herriren batean bisita gidatu bat egiten da. Iaz Tolosako bitxikeriak ezagutu eta mokadutxo bat jatera joan ziren JO Topagunera. Duela bi urte ordea, Fagus, Alkizako interpretazio zentrora egin zuten bisita. Mintzalagunak, eskualdetik ere ateratzen dira; Durangoko Azokara, sagardotegira, eta aurten ere izango dira antzerako ekintza osagarriak.
Euskaraz erraztasuna izan ez, eta erraztasun hori lortu nahi duten ia 100 mintzalagun ditugu Tolosaldean ia 20 talde pasatxotan banatuta. Egitasmo honetan dabiltzan lagunek ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten duten ekarpen hau, behar-beharrezkoa dugu erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Euskararen alde modu askotan aktibatu gaitezke: lehen hitza euskaraz esanaz, euskara elkarteetan parte hartuz, manifestazioetara bertaratuz eta nola ez, Mintzapraktikan izena emanez. Beraz, proposamen honek zerbait mugitzen dion pertsona orok, gaurtik aurrera izena eman dezake Galtzaundin, baita Tolosaldeko udal guztietan ere.
Egin nahi duzun hori, egizu euskaraz, MINTZALAGUNA.