Sormenetik saioan Izaskun Arandia eta Josu Martinez zinemagileak egongo dira

Izaskun Arandia eta Josu Martinez zinemagileak egongo dira Sormenetik saioko urteko lehen hitzorduan. Gure zinema: zientzia-fikzioa? izenburupean, euskal zinemaren inguruan hitz egingo dute, eta Garazi Karrera kazetaria izango da elkarrizketatzailea. Ohi bezala Tolosako Zerkausi azpian egingo da, TAK arraun klubak ontziratzeko duen lekuan, ekainaren 7an (larunbata), 12:00etan.

Arandia gidoilari, zuzendari eta ekoizle tolosarra da, eta 2011n IZAR Films ekoiztetxea sortu zuen. 2016an Euskal Herriko ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako emakumeen elkartea (Hemen) sortzeaz gain, presidente-kide ere izandakoa da. Azken urteetan lan hauen ekoizpenean parte hartu du, besteak beste: ‘Agur Esatea’ (2013), ‘Muga Deitzen da Pausoa’ (2018), ‘2 Urte 4 Hilabete eta Egun 1’ (2020), eta ‘Non dago Mikel?‘ (2021).

Martinez, berriz, zinemagile, ikertzaile eta idazle bilbotarra da. Euskal zinemaren historia ikertu ez ezik, hainbat pelikula ere zuzendu ditu. Fikzioaren alorrean, Bizkarsoro (2023) izan da azkena. Iparraldeko fikziozko herri batean kokatuta dago filma, XX. mendean, eta euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide. Horrez gain, Martinez zuzendari lanetan aritu da, besteak beste, Mirande, film bat egiteko zirriborroa (2023), Jainkoak ez dit barkatzen (2018), eta Gure sor lekuaren bila (2015) ikus-entzunezkoetan.

Zer da Sormenetik?

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du.