Euskara entzuten da gehien Tolosako inauterietan. Ondorio hori dakar Tolosako Udalak lehen aldiz inauterietan egindako behaketak. 2025eko inauterietan egin zuen neurketa: behatu zen kalean zebiltzan herritarrak zein hizkuntzatan ari ziren. Ondorioa argia da: hirutik bik euskaraz egiten dute kalean Tolosako inauterietan. Eta ondorio horren oinarrian badago joera oso argi bat: batez ere umeek eta gazteek ekartzen dute euskararen nagusitasun hori. Neurketaren emaitza nagusiak, bost gakotan:
1. Noiz eta nola egin da azterketa?
2025eko inauterietan egin zen behaketa, bost egunetan: Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan. Jende-bolumen handieneko eremuetan egin zen behaketa, propio jarritako behatzaile batzuen bitartez, eta guztira 11 orduz neurtuzen inauterietako kale-erabilera. Guztira 4.940 elkarrizketa behatu ziren, eta 9.725 solaskide. Lagin horrekin, neurketak ±1,4 puntuko akats-tartea dauka, % 95eko konfiantza mailarako.
Neurketa ohiko sistemaren bidez egin da: kalean ibili dira behatzaileak, aurrez zehaztutako ordutegietan eta lekuetan, eta, solasaldiak entzun ahala, aplikazio batean jaso dute haien hizkuntza, baita hiztunen adin-taldea eta sexua ere. Gogoan izatekoa da Tolosan urtero egiten dela era horretako neurketa bat, 1985az geroztik, eta metodologia berbera erabiltzen dela. Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak egiten du urteroko neurketa Tolosako kaleetan, eta inauterietako neurketaren landa-lana ere Galtzaundik egin du.
2. Zein dira emaitza orokorrak?
Hirutik bi euskaraz sumatu ziren inauterietan (% 67), eta hirutik bat, gaztelaniaz (% 32). Beste hizkuntza batzuen erabilera oso mugatua da, % 1etik beherakoa.

Emaitza horiek konparatzen badira Tolosan urtean zehar egiten den behaketarekin, handiak dira aldeak. Adibidez, argitaratutako azken datua 2024ko neurketarena da: euskararen erabilera % 50ekoa zen, inauterietan baino 17 puntu txikiagoa. Nola azaldu diferentzia hori?
Lehenik, kontuan hartu behar da kalean dabiltzan herritarren profila: inauterietan, kalean behatutako herritarren erdiak 25 urte baino gutxiagokoak dira, eta horrek badu eragina emaitzetan, adin-talde horiek egiten baitute euskaraz gehien. Baina haragokoa da eragina: adin-talde guztietan handitu da erabilera inauterietan, bestelako neurketekin konparatuta. Horri dagokionez, oinarri bat hartu behar da kontuan: Tolosako kaleetan egindako behaketa ez dagokie tolosarrei soilik, baizik eta egun horietan Tolosan zebiltzanen jarduna jaso da. Nabarmena da bisitariek eragina dutela kaleko erabileran; kasu honetan, euskararen alde.
3. Zein da adinaren araberako joera?
Kale-neurketetan ohikoa den joera berretsi du inauterietako ikerketak: zenbat eta gazteago, euskararen erabilera handiagoa. Bi ertzen arteko aldea oso handia da: haurretan % 83ko erabilera du euskarak, eta adinekoetan, % 41ekoa. Hiru multzo egin daitezke euskararen erabilerari erreparatuta: batetik, 15 urtetik beherako haurrak, % 80tik gorako erabileran; bigarrenik, 15-45 urtekoak, % 70en bueltan; azkenik, 45 urtetik gorakoak, % 45en inguruan.
Joera hori, gazteenek gehiago egitea, urteroko neurketetan gertatzen da Tolosan ―Euskal Herriko neurketetan ere bai―. Badira pare bat ñabardura. Batetik, urtean zeharreko neurketa eta inauterietakoa alderatuta, batez ere umeen erabilera areagotu da, eta 25-44 urtekoena (ume horien gurasoak daude multzo honetan, besteak beste). Bestetik, adin-taldeen arteko harremanak aztertuta, nabarmena da haurren presentziak nola eragiten duen: umeak tarteko direnean, % 85ekoa da euskararen erabilera; umeak tartean ez direnean, % 60koa.
4. Generoaren araberako diferentziarik?
Horrelako neurketetan ikusi ohi denez, inauterietako behaketak ere berretsi du emakumeek gehiago egiten dutela euskaraz: % 68 emakumeek eta % 66 gizonek. Adin-talde guztietan errepikatu da joera hori, eta alderik handiena 15-45 urtekoen artean dago, zazpi puntukoa.
5. Egunaren arabera aldatzen da erabilera?
Inauterietako sei egunetatik bostetan egin da neurketa, eta badago aldea batetik bestera. Astelenitan entzun da euskara gehien, eta Ostegun Gizenean; gutxien, Ostiral Mehean eta Zaldunitan. Datu horiek interpretatzean, kontuan hartu behar da, batetik, egun batetik besterako laginean zer aldaketa dauden, eta, bestetik, egun bakoitzean zer-nolako jarduerak izan diren; adibidez, asteleheneko erabilera handiago hori lotua egon daiteke egun horretan ardatz izaten diren jarduerekin, non haurren presentzia handiagoa den ―eta, ikusi denez, haurrak tartean izateak handitu egiten du gainerakoen erabilera ere―.



