Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua argitaratu zuten irailean Garikoitz Goikoetxea kazetari elduaindarrak eta Iñaki Iurrebaso soziologo legazpiarrak. Abenduaren 1ean, 18:30etan, Galtzaundi elkartean (Plaza Berria, 1- Tolosa) hitzaldia emango du Garikoitz Goikotxeak, liburuan landutakoak azaltzeko asmoz.
Euskararen egoera ulertzeko giltzarria da liburu hau. Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerketa arduraduna da gaur egun, eta Garikoitz Goikoetxea Tolosako Euskara zerbitzuburua. Liburuaren hasieran azken mendearen errepasoa egiten dute, eta ondoren diagnostiko gordina dakarte, datu zehatzetan oinarritua. Amaieran, etorkizunerako gakoak aurkezten dituzte, egoera iraultzeko dekalogoarekin batera.
Hauxe da liburuaren sinopsia:
Noraez moduko bat sumatzen da euskalgintzan azken urteotan: euskararen indarberritze-prozesuak beste bultzada bat behar duela, baina zantzu gutxi dago urratsak non-nola egin. Badira esaten dutenak euskararen aldeko grina moteldu egin dela, lo antzean dagoela. Etsipen edo ilunaldi bat ere badago: azken hamarkadetan egindako ahaleginak ez duela ekarri espero izandako –edo amestutako– emaitzarik, batez ere erabilerari dagokionez. Aldartearen edo autoestimuaren ikuspegitik, ez dira euskalgintzaren garairik distiratsuenak.
Esnatze baten premia agerikoa da: astindu bat, urrats handiagoak, bestelako lan-ildoak. Orain artekoarekin honaino iritsi gara; aurrera egiteko, hori baino gehiago behar da. Nola ari gara? Norantz ari gara? Sarritan, iritzi-uste hutsetan oinarritutako balorazioak egin ohi dira euskararen egoerari buruz, norbere sentsazioei soilik erreparatuta. Horiek gutxietsi gabe, baina, euskararen etorkizuneko indarberritze-prozesua irudikatzeko, ezinbestekoa da egoerari eta bilakaerari buruzko oinarri sendoa izatea, zer gertatzen ari den ondo ikustea.
Euskararen indarberritze-prozesuaren momentu giltzarri honetan, hizkuntza-larrialdiaz eta euskararen bidegurutzeaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, ekarpen bat egin nahi du liburu honek: beste betaurreko batzuekin begiratu nahi diogu euskararen egoerari, ikuspegi demo-linguistikoan oinarrituz eta hizkuntzaren osasunari buruzko aldagai nagusiak aztertuz.
Datozen hamarkadetako bidea irudikatzeko, ezinbestekoa da begiak irekitzea: euskararen bilakaera eta egoera zein diren ohartzea. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur. Horretarako helduleku izan nahi du liburu honek: begirada argitzeko tresna.

