Abian da Korrika eta gure eskualdea bi aldiz zeharkatuko du: astelehenean eta larunbatean. Aurtengoan, Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak bi aldiz hartuko du lekukoa, Korrika Tolosaldera sartzen den bi aldietako lehen kilometroan.
Martxoaren 23an, astelehenean, 1.123. km-an hartuko du lekukoa Galtzaundik, Lizartzan, Nafarroako muga zehartzatzean (Mikeleteen etxearen parean). 21:30ean izango da hori eta 15 minutu lehenago bertaratzea proposatzen da.
Martxoaren 28an, larunbatean, 3.008. km-an hartuko du lekukoa Galtzaundik, Ikaztegietan, Baliarrainera joateko bidegurutzetik gertu. 13:00etan izango da hori eta 15 minutu lehenago bertaratzea proposatzen da.
Tolosaldean Korrikak egingo dituen lehen metroetan lekukoa jasoz, keinu berezia egin nahi izan du Galtzaundik. Horrela, eskualdean euskaltzaleok elkarren eskutik ekiteko beharraren garrantzia azpimarratuz.
Beraz, galtzaundikideak elkarrekin korrikan parte hartzeko gonbitea zabaldu nahi dizue Galtzaundik. Posible baduzue gerturatu, familian, lagunekin, bakarrik… nahi duzuen moduan.
Mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte! Euskara gara!
