Igandean amaitu zen Euskaraldia, eta Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie laugarren edizio hau posible egin duten boluntario eta euskaltzale guztiei. Aurten ere lortu dugu Euskaraldia Tolosaldeko 28 herrietan gauzatzea, izan bertako euskaltzaleak aktibatu eta bildu direlako, izan bertako udala inplikatu delako, zein beste herrietako euskaltzaleek lan egin dutelako.
8.000 txapa baino gehiago banatu dira eskualdean, hori Euskaraldian parte hartu dezaketen herritarren ia laurdena dira. Partaideen bi heren izan dira emakumeak, eta adin-tarteka ez da alde nabarmenik egon. Rolei dagokienez, partaideen % 85 izan da Ahobizi. Gainera, ia 350 entitatek eman dute izena Tolosaldean.
Elkar mugituz egingo dugu izan da aurtengo leloa, eta jende asko mugitu da ariketa soziala gauzatu zedin. Galtzaundik egin dituen boluntario eskaeretan 60 pertsonak baino gehiago aritu dira pankartak egiten eta jartzen, batzorderik osatu ez den herrietan txapak banatzen, herri handietan komertzioz komertzio txapak banatzen… Eta horietaz aparte, herriz herri Euskaraldia antolatzen aritu diren boluntario euskaltzaleen kopurua handiagoa da, noski.
Horri esker, eta zenbakiak zenbaki, lorpen hauek zerrendatu daitezke gure eskualdean:
- Herriz herri euskaltzaleak bildu dira euskararen aldeko ekimena antolatzeko aitzakian.
- Entitateek izena eman dute, eta asko izan dira kideen artean txapak banatu dituztenak, argazkiak atera dituztenak, sare sozialetan Euskaraldiari ikusgarritasuna eman diotenak, eta kideek ariketa soziala gauzatu dezaten erraztasunak eman dituztenak.
- Zenbait entitatek haien entseguak edo entrenamenduak kalean egin dituzte, eta erakutsi dute euskaraz funtzionatzen dutela egunerokotasunean normaltasun osoz. Haien taldea Arigunea dela ikusarazi dute.
- Herrietan ekitaldiak antolatu dira: ikuskizunak, ikastetxeek koreografiak sortu dituzte, hitzaldiak, tertuliak…
- 28 herrietan banatu dira txapak: Euskaraldiaren aurreko egunetan mahaiak kalera ateraz, herriko eraikin publikoetan txapa hartzeko aukera emanaz, eta laguntza behar duten inguruko herriei laguntza eskainiz. Txapak zenbateraino ikusi diren neurtzea zaila da, bakoitzaren inguruaren, exigentziaren eta pertzepzioaren arabera oso iritzi desberdinak entzun baitira azken egunetan.
Gure hizkuntzak mugimendua behar du, eta urtean zehar dimentsio handiko euskararen aldeko dinamikek ere laguntzen dute horretan, bestelako proiektu, ekintza eta lan txikiagoekin batera. Garrantzitsua da jendeari hizkuntza ohiturak aldatu daitezkeela gogoraraztea, jendea aldaketa txikiak egiten saiatzea eta gaia lagunartean hizpide izatea, eta Euskaraldiak horretarako aukera eskaintzen du. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara.