Bigarrenez ospatuko da Gau Beltza Tolosako Alde Zaharrean

XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon da Gau Beltza. Tradizio hori baliatu nahi izan du Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak, Gau Beltzari indarra emateko.

Horretarako, misterioa eta antzerkia batzen dituen ibilbidea antolatu da Tolosako Alde Zaharrean zehar. Arimen ibilbidea Soldadu kalean hasiko da, eta Rondila kalean beherantz abiatuko da Atadi kalera (kultur etxearen atzetik), hortik Zerkausira, Plaza Zaharra zeharkatu eta Euskal Pizkundea plazan amaituz. Dantzariak, abesbatzako kideak eta herriko aktore taldea iluntasunak gidatuta iritxiko dira azken plazara, eta sorpresak ere egongo dira. Dantza, musika eta antzerkia batzen dituen ikuskizunarekin borobilduko da ospakizuna.

Arimen ibilbidean parte hartzeko ez da izena eman beharko. Beraz, nahikoa izango da egunean bertan 19:45ean hasiko den ibilbidera gerturatu eta taldera batzea.

Bigarrenez ospatuko da Gau Beltza Tolosako Alde Zaharrean 3

Gau Beltzeko jantziekin gerturatzeko deia

Gerturatzen diren haurrei zein helduei, Gau Beltzeko jantziekin mozorrotzeko deia ere egin die Galtzaundik. Asmoa da herritarrak antzerkian murgiltzen direla ikustea, baita Gau Beltza geroz eta presenteago dugula ikustea ere. Jantziez gain, makilak eta kandelak ekartzeko deia ere egin du Galtzaundik.

Gau Beltzaren antolaketan parte hartu dute Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteko, Udaberri dantza taldeko, Tolosaldeko Ahots Gazteak abesbatzako eta eskualdeko hainbat antzerkigilek eta euskaltzalek. Guztira 60 boluntariok baino gehiagok hartuko dute parte. 

Bigarrenez ospatuko da Gau Beltza Tolosako Alde Zaharrean 5