- Zizurkilen, Anoetan, Ikaztegietan eta Alegian izango dira kanporaketak eta Amasa-Villabonan ospatuko da finala.
- 13 eta 15 urteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta Tolosaldeko sei kideko taldeek eman beharko dute izena.
- Irabazleak Igantziko Irrisarriland abentura parkera joango dira, eta, bigarren sailkatuek, berriz, Donostiako Mitologic Scape Room-a egiteko aukera izango dute.
BOTA ERANTZUNA! Tolosaldeko gazteen lehiaketa antolatu du Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak bigarrenez. Telebista programetan ohikoak diren probekin osatu da lehiaketa; eta kanporaketak jokatu ostean, urtarrilaren 31ean izango da finala, Villabonako Gurea antzokian.
Eskualdeko antzokiek telebistako platoen antza hartuko dute. Nagore Arin billabonatarra eta Berriako kazetaria izango da aurkezlea; eta Mihiluze, Zurekin bat, Pasapalabra, Burubero eta antzeko programetan ohikoak diren probak egin beharko dituzte eskualdeko gazteek. Eskualdeaz, euskal kulturaz eta Euskal Herriaz, eta beste hainbat arlori buruz duten jakintza erakutsi beharko dute lehiakideek. Ez dute soilik jakintza erakutsi beharko, bizkortasuna erakutsi beharko dute, elkarrekin lan egiten asmatu beharko dute zenbait probetan, eta urduritasuna kontrolatzea ere garrantzitsua izango da.
Lehiakideek bete beharreko baldintzak
Tolosaldeko gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta hauek dira lehiakideek bete beharko dituzten baldintzak:
- 13 eta 15 urte bitartean izatea (2010ean, 2011ean edo 2012an jaioak).
- Sei pertsonako taldeak osatzea.
- Aurrefasera eta finalera etortzeko konpromisoa izatea.
Gehienez 12 taldek izango dute parte hartzeko aukera. Talde gehiagok izena ematen badute, bi irizpideren arabera aukeratuko dira: taldeak mistoak izatea eta eskualdea ahalik eta ordezkatuen egoteko, herrien arteko oreka.
Izena emateko aukera
Baldintzak betetzen dituzten gazteek izena emateko aukera izango dute abenduaren 17a bitarte. Horretarako ondorengo formularioa bete beharko da:
EMAN IZENA
Lau kanporaketa izango dira
Lau kanporaketa antolatu dira, eta kanporaketa bakoitzean hiru talde izango dira lehian:
- Lehen kanporaketa urtarrilaren 22an, 18:00etan, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean.
- Bigarren kanporaketa urtarrilaren 23an, 18:00etan, Anoetako Mikelasagasti auditorioan.
- Hirugarren kanporaketa urtarrilaren 28an, 18:00etan, Ikaztegietako udaletxe azpiko aretoan.
- Laugarren kanporaketa urtarrilaren 29an, 18:00etan, Alegiako Elizpe zinean.
Zortzi ariketa egin beharko dituzte kanporaketetan, eta puntuak banatuko dira ariketa bakoitzaren amaieran. Halere, kanporaketak ez dira guztiz kanporaketa izango, ez baita inor kaleratua izango finaleko egunera arte. Urtarrilaren 31ean izango da finala, 16:00etan, eta bertan egingo duten azken probaren ostean erabakiko da zein sei talde sailkatuko diren finalera.
Sariak lehen bi sailkatuentzako izango dira. Irabazleak Igantziko Irrisarriland abentura parkera joango dira, eta, bigarren sailkatuek, berriz, Donostiako Mitologic Scape Room-a egiteko aukera izango dute.
