Martxelo Otamendi euskal kazetari eta Euskaldunon Egunkariko zein Berriako zuzendari ohiari buruzko liburua da Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza, Garbiñe Ubeda Berriako kazetariak idatzia. Elkar argitaletxeak, Jakin aldizkariak eta Berria egunkariak argitaratu dute ‘Aleka’ kazetaritza luzeko lanak biltzen dituen bildumaren ale berria eta lan hori Tolosan aurkeztuko da urriaren 14an. Aurkezpen irekia izango da Tolosako Zerkausian egingo dena eta horretarako, 18:30etik aurrera, Martxelo Otamendi bera elkarrizketatuko du zuzenean Garbiñe Ubedak.
MARTXELO OTAMENDI, HANDIRA JOTZEKO KAZETARITZA – liburu aurkezpena
Eguna: urriak 14, asteartea.
Lekua: Zerkausia, Tolosa.
Ordua: 18:30.
Martxelo Otamendi ezinbesteko erreferentea da euskal komunikazioan. Hogeita hamar urtez aktualitatearen lekuko izan da Euskaldunon Egunkaria-ko eta Berriako zuzendaritzaren talaiatik. Egia esan, lekuko ez ezik halabeharrezko protagonista ere izan da, batik bat Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu zuenean, Euskaldunon Egunkaria ixteko operazioaren barruan.
Zuzendaritza utzi eta erronka berriei aurre egiten hasi den honetan, bere ibilbidea errepasatu du, Garbiñe Ubedaren eskutik. Tolosako eskolapioetako ikasle euskaldun baina oraindik euskaltzale ez zen garaiaz hitz egin du, euskalgintzan eta komunikazioan egindako lehen urratsez, Egunkaria-n «zuzendari bekario» hasi zenekoaz… eta, nola ez, egunkari haren itxiera bidegabearen inguruabar guztiez. Baina, oroz gain, kazetaritzaz hitz egin du, «munduan den lanbiderik politenaz». Edo, hobeto esan, berak kazetaritza ulertzeko duen moduaz: txikitasun konplexu guztiak alde batera utzita, jakin-minez, pasioz eta ausardiaz egindako kazetaritzaz. Bestela esanda, HANDIRA JOTZEKO KAZETARITZA du hizpide. Eta horretaz mintzo da uste osoz, zailtasunak ukatu gabe baina baikor. Baikortasun kutsakorrez.