Iñigo Asensio eta Manu Etxezortu irrati esatariak egongo dira Sormenetik saioko urteko bigarren hitzorduan. Irratiaren beste aldea izenburupean, euskal irratigintzaren eta irrati entretenimenduaren inguruan hitz egingo dute, eta Edurne Ayuso kazetaria izango da elkarrizketatzailea. Ohi bezala Tolosako Zerkausi azpian egingo da, TAK arraun klubak ontziratzeko duen lekuan, urriaren 11ean (larunbata), 12:00etan.
Asensio, kazetari eta komunikatzaile tolosarra da, eta 2011. urtetik kirolarekin, kulturarekin eta euskararen munduarekin izan du erlazioa. Olinpiar Jokoetako kazetari akreditatu bezala parte hartu du hainbat edizioetan eta Euskara munduan dokumentala ere sortu zuen. Bertan kanpoan bizi diren euskaldunen testigantzak bildu eta hizkuntzaren presentzia eta harremana ere aztertzen ditu.
Etxezortu, Euskadi Irratiko esatari Andoaindarra, Faktoria irratsaioen gidaria izateagatik da ezaguna, eta horretaz gain, kazetaritza eta irrati formatu desberdinetan ere aritu da: albistegietan, tertulietan, magazineetan eta goizeko saioetan. Faktoriako ibilbidea amaitu ondoren, eskal kultura ardatz duen Kultur leihoa irratsaioaren parte ere izan da.
Zer da Sormenetik?
Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du.