Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean antolatu du Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa aurtengo udazkenean. 18. aldiz antolatu da euskarazko komikigintza sustatu asmoa duen lehiaketa eta aurtengo gaia librea izango da.
Euskal Herri osotik jasotzen dira lanak urtero, eta aukera paregabea izaten da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat. Aurreko edizioan 215 lan jaso ziren Euskal Herriko hamaika txokotatik.
Sariak egongo dira kategoria guztietan
Kategoriei dagokienez, lau sailetan banatu dira sariak:
- 9 urtera artekoena (2016an jaiotakoak barne).
- 10-12 urte bitartekoena (2015ean eta 2013an jaiotakoak barne).
- 13-16 urte bitartekoena (2012en eta 2009an jaiotakoak barne).
- 17 urtetik gorakoena (2008an jaiotakoak barne).
Ohiko kategoriez gain, Denonartean argitaletxeak, saritutako lan guztien artean argitaratua izateko lan bat aukeratuko du. Beraz, aurten ere, parte hartzen dutenek bere komikia argitaratua ikusteko aukera paregabea izango dute. Hala ere, sari guztiak ez dira epaimahaiak aukeratuak izango. Sarituak izan ez diren parte hartzaileen artean, Mahala baserriko produktuez osatutako bi saski ere zozketatuko dira; zozketa abenduaren 10ean ikusi ahal izango da, Galtzaundiren sare sozialetan.
Maite Caballero ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe (Josevisky) arkitekto eta komikigileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia.
Ezinbestekoa izango da baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak betetzea lanak baloratu ahal izateko. Gaurtik aurrera, lanak bidaltzeko epea zabalik dago eta azaroaren 21era arte izango da horretarako aukera.
IKUSI OINARRIAK
Bestalde, Galtzakomikera aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 12tik urtarrilaren 5era, Ibarrako Kultur Etxean. Azkenik, sari banaketa abenduaren 12an izango da, 19:00etan, Ibarrako Kultur Etxean.