Hizkuntza komunitate gutxituen esperientziei buruzko hitzaldia Galtzaundin

Munduan biziberritzen ari diren hizkuntza komunitateetako kideak Tolosaldera etorriko dira urriaren 3an. Bisita hori aprobetxatuz, hiru hizkuntza komunitatetako aktibistek hitzaldia emango dute Galtzaundi Euskaltzaleen Elkartearen Tolosako egoitzan. Hitzaldia 18:00etan izango da Tolosako Plaza Berriko lokalean eta gaztelaniaz izango da. Garabide elkartearekin elkarlanean antolatu du saioa Galtzaundik.

Urriaren 3an, Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programako partaideak Tolosan izango dira Galtzaundi Elkartearen esperientzia ezagutzeko eta hitzaldi bat eskaintzeko. Hitzaldian hiru hizkuntza komunitatetako aktibistek hartuko dute parte: Kolonbiako nasa komunitateko Jonnier Andrel Quiguapumbo Dizu, Ekuatore Gineako Bubi komunitateko Bësákkò biá Rihólè eta Mexikoko mixe komunitateko Tonantzin Díaz Robles. Hitzaldian ondorengo gaiak landuko dira: hizkuntzen eta komunitateen errealitateak, esperientzia pertsonalak, erronkak eta ametsak, beste gai askoren artean.

Garabide Kultur Elkartea, euskal gizartean sortutako gobernuz kanpoko erakundea da eta munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak laguntzea eta indartzea du helburu, euskararen esperientzia abiapuntu hartuta. Elkartearen proiektuen artean nabarmentzen da Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa (Aditua), helburu bikoitzarekin: batetik, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan ari diren komunitateetako ordezkariak trebatu eta saretzea, euskararen esperientzia partekatuz; bestetik, euskal gizartea hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen egoeraren inguruan sentsibilizatzea.

Proiektu honi esker, biziberritzen ari diren munduko komunitateek esperientziak eta jakintza trukatzen dituzte, gogoeta eta elkarren arteko ikasketa sustatuz. Mundu osotik iritsitako 18 hizkuntza-aktibista dira aurtengo programako partaideak eta sei asteko egonaldia egiten Euskal Herrian zehar euskararen biziberritze eredua ezagutzeko. Aktibista hauek ondorengo komunitateetatik iritsi dira: kitxua, Yukatango maia, ketxua, maputxea, nasa, mixea, bubia, amaziga, guarania, besteak beste.

Hizkuntza komunitate gutxituen esperientziei buruzko hitzaldia Galtzaundin 3