Eskualdeko saltoki handietan hizkuntza-eskubideen aldeko kanpaina abian jarri du Galtzaundik. Euskaldunok euskaraz erosteko eskubidea dugu, nahiz eta batzuetan eskubide horiek ez zaizkigun bermatzen. Legeak hala aitortuta, eskubidea dugu etiketetako informazioa euskaraz jasotzeko, zalantzak ditugunean euskaraz artatzeko, kutxako langileekin euskaraz hitz egiteko, eta megafoniatik diotena euskaraz entzuteko, besteak beste. Herritarrek horren berri izan dezaten, eskualdeko saltoki handi hauetan jarri da Galtzaundi: Villabonako BM supermerkatuan, Adunako Todo Todo-n, eta Tolosako Carrefour, Consumer, eta Maxi Eroskin.
Euskaldunok hizkuntza-eskubideak ditugu gainerako hizkuntzetako hiztunek bezala. Saltoki handietan, hauexek dira legeak euskaldunoi aitortzen dizkigun hizkuntza-eskubideak:
- Errotuluak, plakak, oharrak eta ageriko idatziak euskaraz izatea.
- Saltokiaren iragarkiak eta eskaintzak.
- Megafoniatik egiten diren jakinarazpenak eta eskaintzak.
- Inprimaki eta eredu ofizialak, paperean zein digitalean.
Zer egin hizkuntza-eskubideen urraketen kasuan?
Jo ezazu Hizkuntza Eskubideen Behatokira. Behatokia euskaldunon hizkuntza-eskubideez arduratzen da: hizkuntza-eskubideen urraketak bideratzen ditu, bitartekari lana egiten du, eta eskubideak bermatu daitezen egiten du lan; beraz, bertan sartu zure intzidentzia.
Nola jartzen da salaketa Behatokian?
- Sartu behatokia.eus webgunean.
- “Sartu intzidentzia” botoia sakatu.
- Erregistratu egin behar zara lehenik eta behin. Bete eskatzen dizkizun datuak.
- Joan berriz “sartu intzidentzia”
- Sartu erabiltzailea eta pasahitza.
- Fitxategi bat irekiko zaizu:
- “Kexa”
- Jarri ahalik eta zehatzen data eta lekua.
- Enpresaren izena eta datuak ere ahalik eta gehien zehaztu, dakizkizun neurrian, Behatokiak identifikatu egin behar izaten du-eta.
- Gertatu zaizuna idatziz azaldu, ahalik eta zehatzen.
- Idatzizko eskubide urraketarik balego, argazkia atera eta igo dezakezu.
Zergatik jarri salaketa?
Kexarik sartzen ez bada, ez dago konstataziorik, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuta daudela esaten da. Salaketek adierazten dute euskaldunoi axola zaizkigula gure hizkuntza-eskubideak, eta garrantzia ematen diegula. Kexak jartzearen ondorioz hainbat saltokik urratsak ematen dituzte. Behatokiak hilero publikatzen ditu lorpenak, eta gutxien espero den lekuan ere lortu daitezke.
Zenbait eskubide legez bermatuta dauzkagu, baina beste asko oraindik ez. Kexen bidez gizarteak presioa egitea da legeak aldatzeko daukagun modua. Lege-babesa handitu eta enpresa haundi hauen ohituretan aldaketak eragin nahi ditugu, euskaraz bizi nahi dugun komunitateari aitortza eginez.