Julen Portillo umoregilea elkarrizketatuko dute Irrika Aisialdi Elkarteko kideek

Villabonara helduko da aurten Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak sustatutako Sormenetik GurEra egitasmoa. Julen Portillo umoregilea elkarrizketatuko dute Irrika aisialdi elkarteko kideek, eta saioa azaroaren 14an izango da, 12:00etan, VIllabonako Errebote plazan (eguraldi txarra eginez gero Berdura plazan izango da). Portillo umorezko bideoak grabatzen hasi zen TikToken, eta bakarrizketa saioak egiten ere aritu izan da.

Elkarrizketa arin eta freskoa egingo diote aisialdi elkarteko kideek, eta galderak formalak, informalak eta erronka dibertigarriak tartekatuko dituzte. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta Villabonako Irrika Aisialdi Elkarteko kideekin elkarlanean eta Villabonako Udalak lagunduta antolatu da.

Sormenetik GurEra, nerabeek nerabeentzat antolatutako saioa

Sormenetik GurEra tolosaldeko nerabeentzat erakargarria izango den eta protagonista bihurtuko dituen euskarazko kultur jarduera sorta eskaintzeko sortutako egitasmoa da. Eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatzea eta nerabeen arteko harreman sareak sortzea da proiektuaren helburua, baita euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzea ere. Bide batez, nerabeengan sormena sustatzeko (antolaketa, ekitaldien kudeaketa…) eta euskarazko kultur eskaintza nerabeengana gerturatzeko xedea ere badu egitasmoak.

Hori horrela, Galtzaundi elkartea Irrika aisialdi elkarteko kideekin elkarlanean aritu da ekimena antolatzen, eta beren inplikazioa ezinbestekoa izan da egitasmoa aurrera ateratzeko.