Danele Sarriugarte idazle elgoibarraren ‘Beste zerbait’, ikasturteko lehen saioan

Datorren ikasturteko lehen Tertulia Literarioa irailaren 30ean egingo da, Tolosan. Danele Sarriugarte idazle elgoibarraren ‘Beste zerbait’ eleberria izango da irakurgaia.

Tertulia Literarioa 19:00etan hasiko da Galtzaundiren egoitzan (Plaza Berria 1) eta Yurre Ugarte izango da saioaren dinamizatzailea.

Beste zerbait ez da ohiko nobela bat: nobela mutante bat da, gorputza eta hizkuntza aldatzen saiatzen dena, desira kuir baten itsasargi. Protagonistak mutazio-gosez eta desiraz desplazatuta bizitzen eta idazten du; bizipen afektiboak, heziketa-esperientziak eta irakurketa feministak kiribilka doaz, hainbat ahots, forma eta tonuren bidez adierazita. Testuak lekukotasuna, hausnarketa kritikoa eta eszena narratibo gordinak tartekatzen ditu; espazio zartatu batetik idatzita dago: zakarra, sutsua, batzuetan hauskorra eta beste batzuetan amorruz betea. Ez da edukiaren aldetik kuir nobela bat bakarrik, narrazioaren dispositiboa bera da disidentea, eta euskara ez-bitar baten bidez idatzita dago, desira eta plazeretik abiatuta.