Maiatzaren 7tik 17ra egingo da Eusfera ariketa soziala Euskal Herri osoan, eta Tolosaldean ere izango du presentzia. Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak sustatutako ekimenaren helburua da 0 eta 12 urte arteko haurren “unibertsoa” euskaldunagoa egitea, etxean, aisialdian eta eguneroko harremanetan euskararen presentzia handituz. Horretarako, familiei etxean egiteko “misioak” proposatuko dizkiete, helduen hizkuntza-praktiketan ere eragin nahi dutelako.
Idoia Aiestaran Galtzaundiko teknikariak atariako elkarrizketan azaldu duenez, haurrek eragin handia dute helduen hizkuntza ohituretan, eta Eusfera “modu egokia” izan daiteke gurasoen arteko euskararen erabilera aktibatzeko. Tolosaldean, ikastetxeen bidez zabalduko dute ekimena, materiala familietara irits dadin. Galtzaundik ez du, momentuz, “Euspazioak” sortzeko asmorik, baina bai ahalik eta etxe gehienetara heltzekoa, eskualdeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta.
Misioak eta Euspazioak
Misioak haurren testuingurua osatzen duten zortzi planetatan daude banatuta: ipuinak, jolasak, musika, sormena, etxeko hitzak, pantailak, euspazioak eta euskara. Gurasoek eta haurrek elkarrekin erabakiko dute unibertso euskaldunago baterako haien bidaia zein izango den, zein planetatan sartu eta zein misio osatu, alegia. Zenbait baliabide izango dituzte eskura, tartean, egiten dituzten misioak markatzeko pasaporte bat.
Parte hartu misioetan
Bestetik, elkargune erosoak sortuko dituzte familientzat, kalean herritarrekin eta lagunekin euskaraz hitz egiteko eta gozatzeko: Euspazioak. Haur eta gurasoen espazioak izango dira, ekintza zehatzen bueltan antolatutakoak. Ekintza horiek askotarikoak izan daitezke, esaterako, irteerak, sukaldaritza edo margolaritza ikastaroak eta aisialdiari lotutako bestelako proposamen dibertigarriak.
